Genero edo psikologia gaietan aditu izan gabe, pertsona hauei buruz dudan iritzia azaldu nahi dut, jakinik nirea baino sendoagoak dezente izango direla. Halakoetan, joera zabaldua izan ohi da pentsatzea egilea ez dela bere onenean, edota psikopatia baten mende behar duela izan. Ez dakit ze puntutaraino den hori horrela. Ezin dut sinetsi hiltzaile hauek, guztiak, sailkatu daitekeen sindrome baten biktima direnik. Gorrotoa ondo errotuta dutela ez dago zalantzarik, eta gorrotoa indar suntsitzaile erraldoi bihur daitekeela ere bai. Baina, oro har, ekintza hauek, helburu garbi bat izateaz gain, zehatz planifikatuta egoten dira eta detaile txikiena ere ondo zainduta izan ohi dute. Ongi dakite zertan ari diren sarri euren menpeko emakumearen jabegoa galdu dutela uste duten horiek.
Genero indarkeriaren adibide garbia izanik kasu gehienetan, eta zalantzarik gabe esku artean dugun honetan, eskuin muturreko politikariren batek eta apaizen batek genero izaera ukatu diote ekintza horri, edo delituaren zuribidea amaren portaeran eta bizitzeko moduan ezarri dute, "zerbait egingo zuen" esaldi justifikatzaile maizegi erabilia baino haratago joanaz.
Eta jakina, hauek publikoki azaltzeko ausardia izan dutenak dira. Pentsatu behar dugu, beraz, atzetik eurekin bat egiten duen jende mordotxo bat dutela.
Jendarteak, oro har, genero kontuez kontzientzia hartu eta bide bat egin du feminismoaren eskutik, baina ezin uka oraindik ere badirela jabegoan eta boterean oinarritutako estatusa galdu nahi ez dutenak.