Harrezkero, burbuila batean bizi naiz, bihotzeko arazoek egoera bereziki ahulean kokatzen baikaituzte COVIDaren aurrean. Ibilalditxoak, mendi irteerak, eta jende arteko beharrezkoak bakarrik.
Noizean behin, kalera jaisten naiz eta bat edo besterekin egoten naiz. Aurreko larunbat goizean egin nuen ateraldi bat. Arratsaldean ez, duatloia zegoen eta. Ekitaldi hori zela-eta batek baino gehiagok atera zidan gaia bere gaitzespena azaltzeko. Uste dut herritar askok ez duela begi onez ikusi herria okupatzea koronabirusak jota dagoela.
Antolatzaileak eta Euskadiko Triatloi Federazioko burua, berriz, pozik, antolakuntza eredugarria izan delako. Parte hartzaile guztiei PCRa egin zaie aurrez, eta antolatzaileek har zitzaketen neurri guztiak hartu dituzte gaitzaren hedapena ekiditeko.
Bat izan ezik, nire aburuz. Oñatin, dena erdigunean egin beharra omen dago. Plaza inguruan edo 200 metroko erradioaren barruan egiten ez dena ez da existitzen –Eltziako salbuespena dugu iritzi hori faltsua dela frogatzeko–. Eta horretara noa: horrelako ekitaldi jendetsu bat kosta ahala kosta egin behar bazen, ezin al zen antolatu, oraingo egoeran, herriko erdigunea eta kale erabilienak ukitu gabe? Ezin al zen Ibarra ingurutik edo industrialde batetik egin? Uste dut hori falta izan zaiola ekimenari arrakasta borobiltzeko.