Oinezko kalean txirrindulariak gora eta behera ibiltzen dira debekuak errespetatu gabe. Beste horrenbeste egiten du gidari askok autoa aparkatu ezin den tokietan utziz.
Tabernari batzuek ez dituzte ez orduak ez gehienezko dezibelio mailak errespetatzen, euren probetxuan eta kaletarren lo egiteko eskubidearen kaltetan.
Gauzak geroz eta okerrago doaz. Aurreko larunbatean, 9an, goizeko 6ak jota ziren kalean zebiltzan trikitilariek jotzeari eta beste batzuk etxafuegoak botatzeari utzi ziotenean. Seguru asko, ez ziren kontzientzia txarrarekin joango etxera.
Okerrena da honen guztiaren aurrean ez udaltzainek ez udalak ez dutela ezer egiten.
Alkateak ez du gurekin bildu nahi. Azken bilera eskaera duela urtebete egin genion, idatziz, uztailaren 23an (2015ean) datatuta, eta oraindik zain gaude. Hainbat zinegotzirekin hitz egin dugu bilera bat bultzatu nahian. Alferrik.
Arartekoarengana jo dugu bi txosten aurkeztuz. Zaraten espedientearen erantzunik ez dugu, mugikotasunekoaz bai. Hau dio: Oñatiko Udalak Kale Zaharrean ezarri duen araubidea –bide segurtasunari eta oinezkoentzako eremua izateari buruzkoa– betetzea bermatu behar du, eta horretarako, bere esku dauden neurri guztiak, zigortzaileak zein teknikoak, hartu behar ditu, ezarritako araubidea betearazteko.
Gogaituta bai, baina etsita ez. Horregatik jarraituko dugu bilera eske, gure oinarrizko eskubideen alde, eta egin nahi dituzten araudi eta plan berri horietan gure ahotsa eta egingo ditugun ekarpenak entzun ditzaten, sikiera.
Orain arte bezala, lanerako prest izango gaituzte aurrerantzean.
----------
Inazio Arregi, Jotxo Larrañaga, Xabi Arregi eta Luis Ruiz de Azua
(Kale Zaharreko hainbat lagunen izenean)
Oñati