"Oñatiko Udalari, errespetu osoz"

Erabiltzailearen aurpegia Inazio Arregi 2013ko mar. 28a, 01:00

Oñatiko Udalari zuzentzen diot gutun hau, errespetu osoz, baina irmo...

... Kale Zaharreko biztanleek urteetan bizi dugun asteburuetako egoera jasanezinari irteera bat aurki diezaiola eskatuaz. 

Arazoa aspaldikoa da. Ohituta gaude zapaturo (beste egun batzuetan ere geratzen ez denean) gauez loak hartu ezinik egoten, edota behin hartuz gero ordu txikitan iratzarri eta taberna jakin batzuk itxi arte bertako musika eta hotsak entzunaz goizalderako orduak ohean iratzarrita ematen.

Kutsadura mota bat da kutsadura akustikoa, baina kalte gutxi batzuei baino ez dienez eragiten, ezer gutxi egin izan da gaitz hau amaitzeko.

Eta hau diot, behin bano gehiagotan joan izan naizelako udaletxera eta beti aurkitu izan dudalako dotoreziaz pilotari efektua eman eta arazoa nire aldera pasatzeko abildadea izan duen funtzionarioa: denuntziarik ez baduzu aurkezten, guk ezin dugu ezer egin. Eta nahiz eta ulertu ez, legea betearazteko eginkizuna daukanak ez lukeelako denuntziarik behar herrikideen eskubideak defendatzeko; denuntzia aurkeztu, baina bi hilabetera arazoa bere gordintasunean agertu izan da berriro.

Martxoaren 16an (zapatua) gertatutakoak muga guztiak gainditu ditu. Duatloia zela eta, arratsaldeko lehen orduetan hasita DJ batek jarritako musika indezentea aguantatu behar izan genuen imajina ezineko dezibeliotan Zazpihaizetako (Sietevientos edo Txaketuena edo nahi den moduan esanda) bidegurutzetik. Berdin kirolariak Oñatin izan ala Bergaran, eta kalea beteta ala hutsik egon. Kontua ahalik eta zarata handiena egitea, horrek inor animatuko balu bezala.

Horretan geratu izan balitz, gaitz erdi. Zazpihaizetan kokatuta dagoen tabernak gutxiago izan nahi ez, eta goizeko zazpiak arte dezibelio kopuru beraren oparia egin zigun kaletarrei, opariari uko egiteko eskubiderik eman barik.

Edozeinek daki taberna batzuek ez dutela inolako legerik betetzen, eta, denuntziak egiten aspertu naizenez, gutun hau idaztea erabaki dut, pertsonalki, kaletar batzuekin hitz egin ondoren, eta firmak biltzen hasi aurretik, Udalak arazo larri honi irtenbide bat aurkituko diola sinetsi nahi dudalako. Zarata ateratzeko eskubidearen gainetik lo egiteko eskubidea dagoelako, eta oso gogorra delako zapaturo, eta sarri beste egun batzuetan ere bai, gaua lo egin gabeko bizi osorako zigorraren mende bizi izatea.

--------------------

Inazio Arregi Gordoa

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak