Futbolean ez ezik, saskibaloiko lorpenetan ere ohiko bihurtu da jokalariak autobusean, plazan edo jende artean alkohola edaten agertzea. Irudi horiek jai giroan aurkezten dira, normaltzat hartzeko moduko zerbait balira bezala.
Baina zer mezu helarazten die horrek gazteei? Ikastetxeetan eta hainbat elkartetan egiten den prebentzio lan guztiak zertarako balio du, erreferente nagusiek kontrako eredua eskaintzen badute? Urtero alkoholaren eta tabakoaren arriskuez hitz egiten dugu, kontsumo arduratsua edo ez-kontsumoa sustatzeko helburuarekin. Baina, aldi berean, sare sozialek eta komunikabideek bestelako mezua zabaltzen dute: garaipena ospatzeko denak balio duela. Adibideetako bat Bartzelonako atezaina izan da: autobusean igota, jende artean bapeatzen eta tabakoa kontsumitzen ikusi dugu.
Ez da kirolarien bizitza pribatuari buruzko eztabaida hutsa. Bakoitzak bere etxean nahi duena egiten du. Ospakizun hauek publikoak dira, kameraren aurrean gertatzen dira, eta kirolari profesionalek badakite euren jokabideek eragin zuzena dutela jarraitzaileengan. Kirol profesionala negozio eta ikuskizun bihurtu den honetan, erantzukizuna ezin da bigarren mailan geratu.
Are gehiago, instituzioek eta klubek antolatutako ekitaldiak direnean, are ulergaitzagoa da kontsumoaren irudiak baimentzea edo bultzatzea. Gizarte helduago eta osasuntsuago baten aldeko apustua egin nahi bada, koherentzia behar da hitzen eta ekintzen artean.
Ospatzea zilegi eta beharrezkoa da; nola ez, ba. Baina ospatzeko moduak ere hezigarriak izan daitezke. Bestela, egiten den prebentzioa diskurtso hutsean geratuko da, errealitateak kontrakoa erakusten jarraitzen duen bitartean.