Gizarteak eta hezkuntza sistemak, askotan, lanbide horiek gutxietsi egiten dituzte, eta horrek eragina du gazteen hautuetan. Teknologia, bulego-lanak eta sare sozialen bidezko arrakasta idealizatzen dira, eta lanbide tradizionalak baztertu.
Gero eta gutxiago dira lanbide horiek aukeratzen dituzten ikasleak, eta horrek kezka dakar. Zergatik gertatzen da hori? Gizarteak lanbide horiek prestigio gutxikoak direla irudikatzen du. Eskuzko lana edo lan fisikoa ez da hain estimatua, eta askotan lotzen da ikasketa gutxirekin edo arrakasta profesional eskasarekin.
Gainera, lan-baldintzak ere ez dira beti erakargarriak: lan fisikoa, eguraldiaren menpe, ordutegi irregularrak... Horrek guztiak gazteak bultzatzen ditu beste lan mota batzuk bilatzera, teknologiarekin edo bulego lanekin lotutakoak, garbiagoak edo erosoagoak direla pentsatuz.
Erabiltzailearen ikuspegitik, lanbide horien gabezia gero eta nabarmenagoa da. Etxean konponketa bat behar dugunean, margolari edo iturgin bat aurkitzea ez da erraza: asteak itxaron behar izaten dira, eta prezioek gora egin dute. Gazteek lanbide horiek ez aukeratzeak ondorio praktikoak ditu: zerbitzuak moteldu, kostuak igo, eta kalitatea arriskuan jartzen da.
Gazteei erakutsi behar zaie lanbide horiek ez direla aukera txarrak, baizik eta aukera duinak, sormena, autonomia eta ekintzailetza eskaintzen dituztenak. Iturgin batek bere enpresa sortu dezake, margolari batek estilo propioa garatu, eta elektrizista bat teknologia berrietan espezializatu.
Etorkizun jasangarria izateko, lanbide tradizionalak ezinbestekoak dira. Etxeak eraiki, instalazioak mantendu, konponketak egin… Gizarteak balioetsi egin behar ditu lanbide horiek, eta gazteei aukera errealistak eta duinak eskaini. Ez dute denek unibertsitatean ikasi behar; ez dute denek bulego batean lan egin behar. Lanbide guztiak beharrezkoak dira, eta bakoitzak bere ekarpena egiten dio gizarteari.