Urteetan aurrera joan ahala, laburragoak egiten zaizkit egunak, asteak, hilabeteak eta urtaroak. Asteburuak istant batean igarotzen zaizkit. Ostiralean, aurretik mundu oso bat dudala iruditzen zait, eta, konturatu orduko, astelehena da eta lantokiko nire postuan nago. Asteko lanegunak ere tankera berean, bata bestearen ostean arrapalan doaz. Oporretara noanean berdin: etxetik atera aurretik, egun asko ditudala iruditzen zait, eta, konturatu orduko, bueltan nago herrian. Zuei ere halakorik gertatzen zaizue?
Denbora azkar pasatzearen arrazoiez Googleri galdetu beharrean adimen artifizialari (IA) galdetzea erabaki dut. IA nire izen-abizenen lehendabiziko hizkiak izan zitezkeen, baina ez, ez diot neure buruari galdetu. Hizki horiek Inteligentzia Artifizialaren (IA) laburdurak dira oraingo honetan. ChatGPTri galdetu diot. Azkar antzean eman dizkit erantzunak galdera honi: Zergatik pasatzen zaigu denbora hain azkar? Hona GPTren erantzunak: eguneroko jarduera errepikakorregatik, errutinagatik, zerbaitez gozatzen ari garelako, zahartu ahala urtetik urtera gure bizitza osoaren proportzioa txikiagoa izan, eta, horren ondorioz, denbora azkarrago igarotzen delako, estresagatik...
Azkar batean egiten dituzten bezala ikasle eta ikasle ez diren dezentek beraien lanak IArekin. Non geratu da esfortzua, informazio aukeraketa, hausnarketa eta irakurketa? Saguaren klik batek horiek guztiak ordezkatu ditu. Egia esan, IAk gauzak azkarrago eta erreflexio gutxiagorekin egiteko aukera ematen digu. Bizitza doan neurri berean. Eta hau hasi besterik ez da egin. Nola jakingo dugu irakurtzen dugun testu bat IAk ekoitzia den edo norbaitek idatzia izan den? Agian, iritzi-artikulu hau ere modu azkar batean IA bitartez egina dago, edo?