Urte berrirako 'smart'-ak

Niretako urteak beti irailean hasten diren arren, hasi dugu ofizialki 2023a.

"Urte berri on!", esan digute han eta hemen, kalean, etxean, mendian, Whatsapp mezuetan eta abarretan. 

Ea zer dakarkigun aurtengo urteak. Egia esan, ez dut gauza handirik espero: norbera eta ingurukoak osasunez eta animoz ongi ikustearekin konforme. 

Badira urte berrirako helburuak urtarrilean zehazten dituzten pertsonak ere: kirol jardueraren bat egin, argaldu eta dieta egin, osasuntsu jan, gauza berriak ikasi, erretzeari utzi, leku berriak ezagutu, hobby berri batean aritu eta abar. Hauetako asko, ordea, gogoz hasi bai, baina ez dira urte hasieran finkaturiko helmugara iristen. 

Horren harira, urtarrilaren 1ean semearekin mendi buelta egin eta gai hori erabili dugu aho artean. Ea zer eskatzen dion bakoitzak urte berriari. Hark azkar esan dit: "Zuhaitz horiek gure gainera ez erortzea". Haizete handia zebilen eta zuhaitzak oker-oker eginda zeuden, dardarka. Esan diot: "Ez, seme, beste helburu batzuetaz ari naiz". Azkenean, urte osoan osasuna izatearekin konformatuko garela esan diogu elkarri. Etxera iristear, lagun batekin topo egin eta galdera bera egin diogu, eta hark argi eta garbi esan digu: "Nik helburu bakar bat dut buruan: igerilekura astean bi aldiz joatea". Eta orduan esan digu: "Helburuek bizitzan ere smart izan behar dute". Aspaldian enpresa eta marketin munduan asko darabilten hitz bat, alegia. 

Ez, ez nahastu smartphone edo smart telebistekin, horiek beste bide batetik doaz eta. Aipatu dugun smart hitza ingelesezko zenbait hitzen laburdura besterik ez da: specific (zehatzak), measurable (neurgarriak), attainable(eskuragarriak), realistic (errealistak) eta timely (denbora zehatzean bete beharrekoak). "Ados", esan diogu. Hor joan gara biok etxera, pentsakor, urteko lehendabiziko egunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak