Lehengo lepotik burua

Erabiltzailearen aurpegia Igor Arizmendiarrieta 2019ko aza. 15a, 07:22

Azkenengo aldiz iritzi artikulua idatzi nuenean, hauteskundeen jirabiran tokatu zitzaidan. Oraingoan, berriz ere, testuinguru berean egokitu zait idaztea.

Izan ditugun emaitzei erreparatuta, lehengo lepotik hazi da burua. Agian, esango nuke zeozer aldatu dela... baina zer aldatu da? Bada, gure poltsikoetatik 140 milioi euro lapurtu dizkigutela beraien negoziazio gaitasun eskasagatik. Edo, beste modu batean esateko 4,99 euro pertsonako. Zerbait fundamentuzkoa egingo genuke, bai, ustez alferrik xahutu den diru mordo horrekin... Baina, beno, ez da beraien dirua eta horrelakoetan errazagoa da kudeaketa egitea.

Aurtengoan, pasa egin zait etxera bozkak eta propaganda ez bidaltzeko eskaera egitea. Ea, ba, hurrengoan garaiz nabilen.

Baina lasai, berdin-berdin ikusiko ditugu parlamentariak Parlamentuan mokoka, gezurretan, txistuka, iseka egiten... haur jolas-tokia balitz bezala. Gizartearendako primerako eredu.

Gainera, oraingoan, zalaparta gehiago egongo den susmoa daukat, sartu diren 52 berdeak aintzat hartuta –eta ez naiz ekologistez ari–.

Sarri ikusiko dugu baita ere Parlamentua erdi hutsik saioren batean, parlamentariak beraien mugikorrekin jolasten, beste batzuk kanporatuak, eta abar. Piper egiten ere nahiko abilak, gaia interesekoa ez denean; zertarako joan Parlamentura?

Zer gertatzen zaio ikasle bati, iseka egiten, mokoka, gezurretan, piper egiten, mugikorrarekin klasean harrapatzen edota kanporatua izaten denean? Ba, ondorioak dituela; neurriak hartzen direla, alegia...

Bitartean, gure hezkuntza legea onartu eta betearazten dutenei hori guztia egiteagatik ez zaie inongo ondoriorik ez neurririk ezartzen. Eta hori ez da bidezkoa, baina horrela da.

Ea, ba, hurrengo artikulua idaztea egokitzen zaidanean ez dugun hauteskunderik inguruan; Espainiakoak ez, behintzat, ez litzateke-eta seinale ona izango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak