Europa zabalean zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Igor Arizmendiarrieta 2017ko mai. 26a, 06:43

Zabalik, hori da GOIENA papereko atal honen izena.

Oraingoan, zabaldu, nik zabaldu dizkiet ateak Europako zenbait herrialderi. Denboraldi baterako, eta lehenengo Frantzian barna ibili ondoren, Herbehereetan harrapatu nauzue familiarekin.  Portatila zabalik, bertan idazten lautada zabal hauetatik. Aspaldian itsasoari jandako lur hauetatik. Hemen gaude, Euskal Herritik urruti, baina gertu aldi berean teknologiari eskerrak eta teknologiari zabalik. Klik batera ditugu ate denak zabalik. Non egongo dira telefono finko, telegrama eta postalen garai hura…

Orain, gaueko hamaikak dira, baina zerua dago oraindik zabalik. Ez du hertsi nahi, argia ikusten da oraindik, bitxia. Goizeko bostak orduko, berriz agertuko zaigu zeru zabalean argia. Lasaitasuna transmititzen duen herrialde batekin topatu gara eta momentuz jendea zabala. 

Errepideak ere, bizikletei dagokienez, zabalak. Bizikleta gainean aitonak, amonak, senar-emazteak, nerabeak, gazteak... denetarik, aukera zabala. Esango nuke txirrindularitzaren pasioa elkarbanatzen dugula, baina Euskal Herrian aldapetan aukera zabala. 

Oraingo asteburuan izango dute hemen zubi zabala. Asentzio eguna ospatzen dute Elgetan bezala. Gure herrian, Asentzio eguna ere, ospatu, ospatzen baita. 

Jakietan ere gazta eskaintza zabala, dastatu ahal izateko ate guztiak zabalik. 

Etxeetako leihoak ere ia denak zabalik. Ez dute inork ikusiko dituen beldurrik, edo, agian, ez dute gortinarik. 

Ubideak ere, milaka, hauek omen dira hemengo autopista zabalak. 

Itsasontziak hara eta hona, hauek igarotzeko askotan zubiak zabalik.  

Hizkuntza, batzuetan, muga zabala, baina konpontzen gara ahal dugun bezala. Erraza elkar ulertzea hiztegia edo Google Translate zabalik. Bestela, keinuka, hori baita hizkuntza zabala. 

Guk, bitartean, aurrerako bidea dugu oraindik zabalik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak