Baina azken urteotan badago kezkatzen nauen zerbait; konturatzen hasia naiz Elgetako gazteek gero eta gutxiago erabiltzen dutela euskara kalean –gazteleraren mesederako.
Nahikoa da kaletik pasa eta arreta pixka bat jartzea horretaz ohartzeko. Gure garaian ere aritzen ginen gazteleraz, baina ez zegoen hain errotua ohitura hori, bolada kontuak ziren.
Inpresio hau ez da bakarrik Elgetara mugatzen, alboko herrietara joaten naizenean ere nekez ikusten ditut gazteak euskara hutsean. Nire lanean ere sumatu dut, ikasturteak pasa ahala, ikasleak gero eta gehiago zuzentzen zaizkidala gazteleraz. Gauza bera euskaraz adierazteko esaten diezunean; harritu aurpegia jartzen dute, gainera.
Inguruak eta batez ere komunikabide globalizatuek berebiziko eragina dute gazteengan. Bertatik hartzen dituzte ereduak eta eragina izugarria da, batez ere adin hauetan.
Baina horien guztien gainetik gurasoak edo guraso izango garenak gaude, gure eskuetan dago neurri handi batean umeen euskararen erabilera kalean, etxean eta eskoletan. Egin dezagun, behintzat, ahalegintxo bat denon artean euskararen presentzia areagotzeko.