Hasiera batean, Perurenari pasa den martxoan egindako elkarrizketa famatuaz jarduteko asmoa neukan, baina, egia esan, ez du merezi.
Merezi du, aldiz, gogoratzea duela hamar urte Goibekokale-ko hilabetekariaren azken alea kaleratu zela. Azkena; izan ere, gure bailarako euskara elkarteek ibilbide bateratu bat hastea erabaki zuten Goienaren izenpean.
Atzean utzi genituen batzuetan ez zebilen grabagailuarekin egiten genituen elkarrizketak, garai haietarako oso aurreratua zegon Kodak argazki kamera digitala (Elgetan erosi zen lehena?), MAC ordenagailuak, etab. Hainbat jendek jardun genuen bertan: Ana, Iker, Iban, Haritz, Alberto, Jabier, Josetxo, Aitor, Susana, Olaia, Eider S., Eider E., Onditz, Esti R., Esti A.,Gorka, Oxel, Bittor, Maite, Ainara, Jone, Oihana eta kolaboratzaileek.
Aldizkarirako lanak, asteburuetan, ahal genuenean edo azken momentuan burutzen genituen. Hantxe egoten zen Bittor denok noiz amaitu zain pazientzia handiarekin dena maketatzeko.
2010ean beste aro bati ekin genion eta badirudi apustu hura, hasierako zalantzak uxaturik, ongi atera zela.
Horregatik, zorionak, Goiena, eta ea horrela jarraitu eta proiektua oraindik gehiago sendotzen den.