"Ametsak... eskertzen"

Erabiltzailearen aurpegia Igor Arenaza 2013ko mar. 20a, 01:00

Badaude munduan euren ametsak errealitate bihurtu dituzten...

... hamaika erakunde zein pertsona; nik une honetan ezagunak diren batzuk eskertu nahi ditut. 

Hasteko, 2012a kooperatiben urtea izan genuen, eta zein toki egokiagoa gure bailara baino, On Jose Maria Arizmendiarrietak izan zuen ametsa burutzeko. Esker mila, elkarlana eta formakuntza hain era sinesgarrian ekartzearren; hark esango zukeen moduan, "inoiz ez gara zeruan iratzarriko, bertara nola heldu garen galdetuaz". 

Joan den astean, Martxoaren 8an, Emakumeen Eguna ospatu genuen. Mila esker, amets horretan jarraitzen duzuenok, berdintasuna eta indarra ateratzearren. 

Bat pasatu, bestea korrika dator, badator. Eskerrik asko, AEKri, Euskal Herri guztia batzearren eta euskara bultzatzearren. 

Dabilena eta iraungo duena Erreala da, bigarren mailako infernua eta lege konkurtsala atzean aurki utzita. Esker anitz, filosofia finko eta harrobiko lanak Gipuzkoari ematen dion nortasunagatik. 

Hugo Chavez zendu zaigu. Etengabe sortzaileak izan behar dugu, teoria aurkitu behar dugu, ez dago iraultzarik teoria iraultzailerik gabe", zioen. Agur eta ohore, komandantea. 

Azken biak, Informe Robinson-en agertuko bi debagoiendarri. 

Bata, Alberto Iñurrategi, bidean makina bat oztopo izan arren bere kirolean munduko onena izatera heldu delako. Esker mila, zure hobetze etengabea erakustearren. 

Bestea, Markel Irizar, minbizia menperatuta elitean dagoelako. Eskerrik asko, Jervas, bihotzez, irakatsi didazun guztiagatik. Egia bihurturiko ametsak bertakoak ditugu. 

Nire aitaita Isidrok esango lukeen bezala, "bixer beti gaur da". Has gaitezen, bederen, hemendik, oraintxe bertan gure ametsak egia bihurtzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak