Eraldaketaren garaia da, baita lan munduan ere

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Antero 2020ko aza. 9a, 10:48

Lanaren etorkizuna eta etorkizuneko lanaren inguruan arreta eta hausnarketa ugari dabil azken urteotan. Eraldaketa sakonak izaten ari da jada lan mundua –etorkizuna "orain" da– eta nabarmen azkartzen ari dira, gainera: kontsumitzaileak produktu jasangarriak eskatzen ari dira; lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko oreka berria bilatzen duten gero eta ahots gehiago daude; gobernuak karbono-jarduera handien gaineko zergak ezartzen ari dira; teknologiak eta digitalizazioak hainbat aldaketa ekarri dituzte negozio-ereduetan, produktuetan eta zerbitzuetan, eta, horrez gain, gizarte digitalaren berme demokratikoa zalantzan jarri dute; hainbat hiri eta eskualde karbono neutro bilakatzeko programa zabalak garatzen ari dira; eta hauen guztiei aurre hartu dien COVID-19 pandemiaren testuinguruan, Europako Komisioak European Green Deel estrategia berretsi eta indartu egin du.

Hamarkada berriarekin batera aro berri bat hasi dugu. Askotariko trantsizioen garaian gaude, baina trantsizio hauek inpotentzia, beldurra eta segurtasunik eza eragiten dute lan munduan, baldin eta teknologia berrien eta deskarbonizazioaren mehatxupean dauden lanak egiten dituzten pertsonek eta komunitateek ez badute euren buruarentzat etorkizuna ikusten. Eraldaketa hauen guztien aurrean, gainera, jarrera erreaktiboa gailentzen da sarri. Arretagunea aldatuko bagenu, ordea, perspektiba aldatu egingo litzateke, seguruenik: nolakoa izango litzateke lana etorkizunean guk geuk zehaztu ahal izango bagenu?

Debagoienetik ekinez

Jakingo duzuen moduan, Debagoiena 2030 ekimena aurkeztu berri da azken hilabetean, eskualdean izaera askotariko eraldaketak sustatzeko bokaziotik sortutako ekimena. Erronka konplexuei erantzunak garapen komunitariotik bilatu nahi dituena. Erronka sakon eta konplexu horietako bat lana bera da, eskualde berezi honetako azken zazpi hamarkadetan, pertsonaren eta komunitatearen garapenaren ardatz nagusi izan dena, bere eraldaketa prozesuaren muinean egon dena.

"Izaki bizidun orok, zer aldatu nahi duen galdetu aurretik, zer gorde nahi duen galdetu behar dio bere buruari", zioen Humberto Maturana biologo eta filosofoak. Hauxe da abiapunturako gakoetako bat, lanak gure gizartean izan duen balioa eta zentzua. Etorkizuneko lana sortzeko gaitasun kolektiboa eraikitzen jarraituko badugu, lanak pertsona eta komunitatea eraldatzen jarraitu beharko du. Aro berri honek horretan sakontzeko aukera eta erronka ekarri dizkigu.

Trantsizio askotarikoak

Aurrean ditugun eraldaketa erronkak, ordea, ez dira makalak. Trantsizio anitzak eta konplexuak dira aurrean ditugunak: esaterako, irabazi tarte gutxiko negozio helduetatik, etorkizuna bermatuko duten eta mundu mailan lehiakorrak izango diren produktu, zerbitzu eta sektore berrietara trantsizioa; edo, eredu lineal eta ez jasangarrietatik, energia berriztagarri, prozesu industrial eraginkor eta eredu zirkularrean oinarritutako lan aukera berrietara igaro beharra; bizitza osorako lanpostu industrial tradizionaletatik, azkar aldatu, teknologiak indartutako eta inpaktu handiagoa eragingo duten balio erantsi altuko lanetara; formakuntza prozesu erreaktibo, formal eta luzeetatik, pertsona bakoitzaren erantzukizun aktiboa izango duen etengabeko prestakuntza praktiko, labur eta sarrietara; lanpostu bat bermatzea bideratutako birkokapenetik, epe luzerako pertsonen enplegagarritasuna bermatu eta lan trantsizioak azkartuko dituen orientazio eta finantzaziora.

Oraingo negozio eta lanpostu askoren eraldaketa eta berrien sorrera ekarriko dute disrupzio hauek, oraingo lana eraldatuz eta berria sortuz. Horretarako, epe luze edo ertaineko ikerketa eta transferentzia lantzeko soilik ez, baina, batez ere, epe motzean produktu eta zerbitzu berriak azkar merkaturatzeko eta aldaketak azkartzeko indartu beharko dugu sarea, esperimentaziorako sistemak eraiki eta arrisku berrietara irekiak egon.

Etengabeko prestakuntzara

Pertsonen etengabeko prestakuntza eta birkualifikazioa areagotu beharko da, gaur egun lanpostu askok dituzten eraldaketak, lanpostuak berak eskatzen duen ikasteko abiadura baino handiagoa baitira. Paradoxa bat da, krisi demografikoa medio, langileen batez besteko adina etengabe gorantz doan bitartean, gero eta azkarrago eta sarriago ikasi beharrean gaude.

Baina garaiko erronketara egokitutako antolaketa-eredua duten enpresa kooperatiba berrituek bertara talentua erakartzeko aukerak ere irekiko dituzte eta erakargarri egingo dira hiriguneetan gero eta kontzentratuagoa dagoen talentudun gaztearentzat.

Birsortu eta egokitu

Aukera, beraz, ez da egiten ari garena jarraitzea ala etetea, baizik eta, berandu baino lehen, eraldaketa hauek guztiak kontuan izango dituen trantsizioaren kudeaketa aurreratu eta azkartzea. Horretan hasteko erantzukizuna dugu orain, lanean ari direnentzat, bila dabiltzanentzat eta lan munduan sartzeko prestatzen ari direnentzat. Hamar urtean egon ez daitezkeen lanpostuetan dauden pertsonentzat; eskolatik eta unibertsitatetik lan adimentsu, jasangarri eta orekatu batean hasi nahi duten gazteentzat; elikadura, energia, mugikortasun, hezkuntza eta ekonomia sistema iraunkorragoak eta jasangarriak nahi dituzten komunitateentzat.

Berriro ere, aurrerapausoa eman beharrean gaude, "birsortu eta egokitu", Arizmendiarrietak esango lukeen moduan. Proiektu ilusionagarria erditzeko, XXI. mendeak ekarri dizkigun erronka eta balio berrien aurrean Arrasateko Kooperatiba Esperientzia berrinterpretatzeko. Elkartasuna eta lankidetzaren oinarri berdinetan, lehiakorrak eta kooperatiboak, iraunkorrak eta jasangarriak, adimentsuak eta gizatiarrak, lokalak eta globalak, izango diren enpresa kooperatiboei bultzada berritu bat emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak