Ni Bilbon egon nintzen ekitaldi erraldoi horietako baten. Guggenheim museoaren plazan elkartu ginen. Momentu batez, arrosa kolorez jantzi zen udazkena.
Hunkigarria izan zen. Adin guztietako jendea bildu ginen han. Denok helburu komun batekin bat eginez. Polita benetan. Istorio asko entzun nituen. Bata bestea baino gogorragoa. Askotan entzun dugu ez ditugula gauzak baloratzen galdu arte. Egia borobila.
Mundua ere, Lurra planeta, gaixorik dago. Minbizi latza du: gizakia. Ez gara konturatzen edota ez dugu konturatu nahi, zer ari garen galtzen.
Berandu izango da faltan sumatzen hasten garenean. Momentuz, eroso bizi gara, eta, aldamenekoa gaizki ikusten ez dugun bitartean, ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen dugu. Baina hori beste istorio bat da.
Gero, ohikoa den moduan, alde zaharrera joan ginen; ospakizuna ondo bukatzeko, noski. Ez dut ia gogoratzen noiz egon nintzen poteo, bazkari edo afari batekin bukatzen ez den ekintza baten.
Total, bi orduko ekitaldia izan behar zena egun osorako jardunaldi bihurtu zen. Nekatuta bukaeran, baina beste bat egiteko gogoarekin. Ez dakigu zein ekitaldi izango den, baina ondo dakigu, bai, non bukatuko dugun.