Eta, kantak dioen moduan, beste garai haiek hobeak zirela iruditu zaidalako.
Nire amona etorri zait gogora. Nola harritzen zen lehen mugikorrak –zapata antzeko haiek– erabiltzen hasi ginenean. Orain guri tokatzen zaigu garai berrietara egokitzea. Twitter, Tuenti, Facebook, Whatsapp, Telegram, Instagram… Izenak ikastea ere kosta egiten zait.
Baina 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutikoak ikusten ditudanean, taldean, elkarri aurpegira begiratu gabe, elkar ezagutuko ez balute bezala eta nor bere pantaila txikiari begira eta bi eskuekin tekleatuz, pena sentitzen dut. Beharragatik batzuetan baina erosotasunagatik beste askotan, gure seme-alabak uzten ditugu orduak eta orduak pantaila baten aurrean. Eskola gero eta informatizatuagoa da. Askotan etxerako lanak ere posta elektronikoz bidaltzen dituzte eta taldeko lanak egiteko ikasleek ez dute elkartzeko beharrik.
Eta gu, helduok, erabilera egokiaren adibidea eman behar dugunok, ia okerragoak gara. Honakoa da teknologia berrien aroa. Ni ere erabiltzailea naiz baina ez dut prentsa pantaila batean irakurriko, ezta inprimatutako liburu on bati uko egingo ere.