Egibar jauna, ez nahastu jendea zentzu bikoitzeko hitz jokoekin.
Garbi daukat oso ondo pentsatu eta neurtu dituzula idatzitako hitzak, eta horiek mezu politikoa daramatela inplizituki.
Baina zure hitz horiek errespetu falta itzela adierazten dute Euskal Herriko gizartearen %50entzat.
ISE-IVEI erakundeak dioenez –irakas sistema ikertzen duen erakundea–, gaur egun ikasleen %50 baino gehiago sare publikoan daude –sare publikoari buruz ari naizenean, benetako sare publikoari buruz ari naiz– eta ikasleen beste %50 itunpekoetan.
Egibar jauna, ondo jakingo duzun moduan, ikastolek publiko bihurtzeko aukera, oker ez banago, 93. urtean izan zuten.
Batzuek horrela erabakita, eskola publikoen sarean txertatu ziren, baina ikastola izena mantenduz.
Beste batzuk, ordea, publikoak izan nahi ez zutela erabaki eta ikastetxe pribatu itundu bezala mantendu ziren.
Egibar jauna, hitzei ez zaie beldurrik eduki behar, eta irakasle on baten zeregina gauzak argi eta garbi azaltzea da, eta ez hizkuntza jendea nahasteko erabiltzea.
Oñatin badago euskal eskola publikoa eta gure izena hartu nahi horrek gurekiko errespetu falta iruditzen zait.
Besterik gabe, poztu nintzen domekan festa on bat ospatu zenutelako, Egibar jauna.
----------
Itziar Agirre Vicente
IES R.M. Zuazola-Larraña BHIko zuzendaria
Oñati