Kaleko hormek diotenean

Ezohiko puntualtasunaz heldu nintzen lagunarekin hitzordua egindako lekura. Ingurura begira nengoela, kalearen beste aldean ikusi nuen kartel erraldoia zeharka. Déjà vu antzeko bat izan zen, urteak neramatzan-eta horrelako bat kaleko hormetan ikusi barik. Gerturatu eta ehunka aurpegi horien argazkiei begira gelditu nintzen

Ehunka euskal herritarren irudi, izen-abizen eta herriak. Patxadaz hartu nuen, ezagun egiten zitzaizkidanak kokatzen saiatuz eta zerrendara azken hamarkadetan batutakoen gaztetasunaz asaldatuz. Collage hari begira, dagoeneko berau osatzen ez dutenengatik poztu nintzen; asko, gainera, asko izan dira eta. Ez dira jada 564, gure plazetan kantatu dugun bezala; ezta 246 ere, azken egunotan batek baino gehiagok agur esan baitio espetxeari. Bat eta bi eta hiru gutxiago, gutxienez. Eta zenbakiak beldurgarriak izan arren, are handiagoa da kopuruak argazkietan hartzen duen dimentsioak sortzen duena.

Hitzordura puntual zetorren laguna batu zitzaidan hormak zioenari begira jarri eta ariketan laguntzera: Begira hau. Begira bestea. Garai historiko eta politiko ezberdinetako atxiloketen genealogiak osatu daitezke honi begira. Denok ere aurrera goaz, e? Ez, ez diot oraindik gutuna idatzi. Hau bakartuta dute emakumezkoen espetxean. Erreportaje interesgarria eman dute asteon. Larunbatean Bilbo edo Baionara? Eta gero zer? Zenbat urte esan duzu? Hainbeste? Gu ere esperientzia metatzen ari garen seinale.

Argazkiak iraganari loturiko sokak direla irakurri berri diot lagun bati sare sozialetan. Horrela izango da, gainera. Baina kasu honetan, argazkiek orainaldiz eta errealitatez betetako zaplazteko dosi bat jasotzeko ere balio dutela esango nuke. Izan ere, udal-ordenantzen gaindi, eskerrak kaleetako hormek espetxe politika bidegabea salatu eta bidera irtetera gonbidatzen gaituzten oraindik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak