Oñatiko herriaren eta Debagoieneko gainerako herrien arteko epaiketa satirikoa benetan arrakastatsua izan zela ez dago zalantzarik, eta Bagaratik, berau posible egin duzuen guztioi eskerrak eman gura dizkizuegu.
Oñatiar eta debagoiendarrei, Zubikoa frontoia bete eta bertan esandakoak umorez eta algaraz hartzeagatik; Oñatiko Udaleko ordezkari politiko zein teknikariei, antzezlan jendetsu hau egiteko erraztasun guztiak emateagatik; Goienako lantaldeari, errealizazio eta bideo kontuetan emandako laguntzagatik; eta batez ere, eta nagusiki, Debagoieneko bigarren Tobera honetan parte hartu duzuen antzezle eta lagun guztiei! Bereziki Idoia eta Egoitzi, gidoigintzarako erakutsi duten abilezia eta prestutasunagatik. Eta nola ez, azken hiru hilabeteetan asteroko entseguetan fin-fin ibili zareten antzezle guztiei. Taula gainean ibilitakoak batzuk, sekula igo bakoak beste zenbaitzuk, benetako lantaldea sortu dugu hilabeteotan, Debagoieneko herri guztietako partaideak izan garelarik protagonista.
Elkarrekin barre egin, hausnarketak zein asmoak partekatu eta urduritasunak gainditu ditugu, eta hori dena taula gainean plazaratu dugu. Zuengandik eta zuengatik sortu da Tobera!
Azken batean, hortik abiatzen baita antzezlan herrikoi hau abiarazteko borondatea.
Herritik eta herritarrek sortutako kulturgintzaren aldeko apustua egin nahi izan dugu Bagaran hasiera-hasieratik, eta hortik dator urtez urte sendotzen doan Debagoieneko Tobera antolatzeko nahia.
Debagoieneko herritarren etorkizuna hobetzera bidean, Tobera gisako komunitate erronkei heltzea ezinbesteko deritzogu, eta horregatik, zorionak, denoi!
Bukatzeko, pregoilariak antzezlanaren amaieran esan bezala, galdera airean utziko dugu!
Non izango ote da hurrengo Tobera?
--------------------
Iraitz Agirre Aranguren (Bagarako kidea) Debagoiena