Debagoieneko herrietako ehunka lagunek Amaia antzokia bete zenuten bailarako lehen tobera ikustera etorrita.
Inork gutxik zekien ordura arte zer zen tobera bat, eta hala ere, bailarako lehen tobera edo herri antzerki satirikoaren emanaldia arrakastatsua izan zen benetan. Eta zer den tobera? Ba zerketia da tobera! Bagaratik eskerrak eman gura dizkizuegu guztioi: Amaiara gerturatu zineten ikusle guztioi, abenduaren 23ko Arrasateko ezohiko plenoan zinegotzi lanetan aritu zineten Arrasateko herri eragileetako ordezkarioi, Goienari eta bere kazetariei toberari egindako jarraipenagatik, antzokian teknikari eta antolatzaile lanetan ibili zinetenoi, lehen bileretan parte hartu eta azken afarira arte lagundu diguzuenoi, Debagoieneko herritarrei bertan esandakoak umorez hartzeagatik, nazio mailako ikuskariei, herri epaimahaia osatu zuten debagoiendarrei eta, nola ez, tobera antzezteko taldean aritu zareten artista guztioi! Aurtengo epaia ezagututa, datozen toberen nondik norakoak pentsatzen hastea dagokigu orain! Zein ote da epaituko den hurrengo herria?
Zorionak, benetan, eta eskerrik asko!
------------------------------
Iraitz Agirre Aranguren
(Bagara)
Arrasate