Badirudi uda ez dela uda hondartzara, igerilekura edo putzu ondora liburutxoren bat eramaten ez badugu. Berez, oporretan zein oporretatik kanpo, arrazoi asko dago irakurtzeko. Dibertigarria izaten da –gehienetan–, jakitunago egiten gaitu, gure materia grisa martxan jartzen du, hizketarako gai berriak ematen dizkigu... Baina astia behar da Whatsappez aparte zerbait irakurri ahal izateko. Kostatzen da. Seguruenik, horregatik ekartzen dizkigute orain, opor-denboran, liburu salmenten listak. Irakurtzeko –eta erosteko– astia daukagulako.
Ni, azkenaldian, ez nabil beta handiarekin. Lau urte eta bi haur izan ondoren, egunkaria lehen orritik azkeneraino lasai, soseguz, irakurri ahal izan nuen lehenengoan, ia-ia negar egin nuen. Pozez. Konkista bat izan zen. Eta zelako konkista! Neure buruarentzako denbora irabazten nengoen!
Oporretan, loari orduak kenduz edozer irakurriko dut. Egunkaria, asteburuetako eranskina, lagun batek utzitako biografia edo aitaginarrebari hartutako nobela. Ez dut liburu sortarik erosiko, eta ez naiz best seller-en listetan geldituko. Momentuan esku artean dudana irakurriko dut; edozer irakurrita ere, irakurtzen denbora galtzea da plazerik eta garaipenik handiena. Ziur ez dela oporretako irakurketari probetxurik handiena ateratzeko modua izango. Ez ditut garunak larregi landuko, ezin izango dut modan dauden nobelen gainean hitz egin, edo ez dut gauza berri askorik ikasiko, baina ondo pasatuko dut. Irakurtzen eta erreflexionatzen. Barrurantz eta kanporantz begiratzen, aldi berean. Lasai, soseguz eta oporretan.