Oporrak, hobeto planik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Ibane Abasolo 2014ko uzt. 25a, 00:00

1817an Stendhal idazle frantsesa Milanen bizi zen eta bisitan, turista modura, joan zen Florentziara.

Santa Croceko basilika bisitatzean zorabiatuta sentitu zen. Bihotza bizkor, bizkorregi zihoakion eta konortea galtzeko zorian izan zen. Dirudienez, jende askori gertatu izan zaio halako zerbait Florentzian, batez ere Galleria Degli Uffizi bisitatzean. Ordutik, Stendhal sindromea bezala ezagutzen da oso ederrak diren arte obrak ikustean sentitu ahal den zorabio, takikardia edota haluzinazioa. 

Nik birritan bizi izan dut Stendhal sindrome horren antzeko zerbait. Eta ez da Florentzian izan. Lehenengo aldiz Berlinen izan zen. Nire bikotekidea lan kontuengatik zegoen han eta ni hiru-lau egun pasatzera joanda nengoen. Turista gida-libururik gabe, nire helburua hiritik paseatu eta Berlingo bizitza dastatzea zen, planik egin gabe. Ez neukan museorik ikusteko asmorik, nahiz eta Berlingo museoak famatuak izan. Baina euria ziharduen, botalean, ez neukan euritakorik eta parean neukan lehenengo museoan sartzea erabaki nuen. Bat-batean Pergamon museoan nengoen. Sarrera pasa eta berehala, arnasarik gabe, estututa sentitu nintzen. Lehenengo aretoan lurrean bertan eseri behar izan nintzen, zorabiatuta. Museora sartzean ez nekien zer ikusiko nuen barruan. Ez nuen espero ezer. Eta ustekabea itzela izan zen. Ez dizuet kontatuko orain zerk eragin zidan estres antzeko egoera hori, baina argi daukat aurretik zer ikusi behar nuen jakin izan banu, ez zela berdina izango. 

Duela bi urte Florentzian izan nintzen, baina ez nuen sentitu Pergamonen bizi izandakoaren antzeko ezer, seguruenik aurreko hilabeteetan Florentziako historiari eta arteari buruz asko irakurrita nengoelako. 

Ordutik, oporretan ustekabeari leku bat egiten saiatzen naiz. Plan barik, agian denbora ez da hainbeste aprobetxatuko, baina niretako bizi eta sentitutakoa ahaztezin bihurtzeko aukerak handiagoak dira horrela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak