Bilbon eskainiko da Komunikazioa erakundeetan aditu tituluaren hurrengo ikasturteko edizioa

Erabiltzailearen aurpegia Huhezi (MU) 2014ko eka. 12a, 10:14

Bi nobedade nagusi izango ditu, 2014-2015 ikasturtean, Mondragon Unibertsitateak eskaintzen duen Komunikazioa erakundeetan aditu tituluak. Batetik, lehenengo aldiz, Bilbon emango da aditua, Bilbao Berrikuntza Faktorian. Bestetik, ohiko materiez gain, tarte berezia hartuko du, komunikazioan, erakundeek izan behar duten hizkuntza-politikak.

 

Aurreko bi edizioak Debagoienean egin eta gero, Bilbora doa Komunikazioa erakundeetan aditu titulua, hain zuzen ere, Mondragon Unibertsitateak hiriaren erdian duen egoitzara, Uribitarte kaleko Bilbao Berrikuntza Faktoriara. Bertan izango dira, 2014ko urriaren 2tik aurrera, graduondoaren aurrez aurreko eskola guztiak.

 

Edukiei dagokionari, aldaketak egongo dira, bereziki, “Jende eta kamera aurreko komunikazioa” izeneko materian. Izan ere, materia hori indartu, eta toki berezia hartuko du hizkuntzaren kudeaketak komunikazioan. Materia horretan jorratuko dira, besteak beste, erakundeetan euskarak hartu behar duten tokia aurrez-aurreko zein Internet bidezko komunikazioan.

 

Aurreko edizioetan bezala, aditua urrian hasi eta ekainean bukatuko da ikasleen proiektuaren aurkezpen akademikoarekin. Hori izango da-eta, oraingoan ere, graduondoaren ardatza: komunikazioarekin lotuta, ikasleak egin behar duen proiektu erreala. Beti ere, lan hori egiteko, ikasleak izango du unibertsitatearen tutorearen gertuko laguntza. (Esaterako, bukatzear dagoen aurtengo edizioan, hautxek dira lantzen ari diren proiektuak).

 

Graduondoa erdi presentziala da, alegia, lan gehienak ikasleak egin beharko ditu bere erritmora etxean, interneten bidez. Horretarako, urtero legez, erabiliko da, bereziki, Google+ sare soziala. Gainera, aditua osatuko da osteguneroko aurrez aurreko eskolekin. Eskola horiek hasiko dira 15:00etan eta 19:00etan bukatu.

 

Hauek izango dira 2014-2015 ikasturtean emango diren materiak:

 

  1. materia: Marketin eta komunikazio oinarriak (2,5 ECTS)

  2. materia: Komunikazioa erakundeetan (4 ECTS).

  3. materia. Baliabide teknologikoak (2,5 ECTS).

  4. materia: Enpresa eta erakundearen kultura berriak (2,5 ECTS).

  5. materia: Jarrerak komunikaziorako (1,5 ECTS).

  6. materia: Jende eta kamera aurreko komunikazioa (1,5 ECTS).

  7. materia: Mintegiak adituekin (0,5 ECTS).

  8. materia: Ikerketa proiektuaren diseinua (1,5 ECTS)

  9. materia: Proiektua (13,5 ECTS).

 

Komunikazioa erakundeetan aditu titulua zuzenduta dago lanean dihardutenei eta lizentziadun berriei. Batetik, lanean dabiltzanei enpresa, elkarte eta erakundeetan, batez ere, komunikazioan, kudeaketan, koordinazioan edo zuzendaritza lanetan; bestetik, aditu titulu hau oso egokia da enpresa-komunikazioaren nondik norakoak ezagutu eta menderatu nahi duten lizentziadun zein gradudunentzat, bereziki ikasketa hauek dituztenentzat: Ikus-Entzunezko Komunikazioa, Humanitateak eta Enpresa, Kazetaritza, Lan Harremanak eta Industria Antolakuntza Ingeniaritza.


Dagoeneko irekita dago 2014-2015 ikasturterako aurre matrikulazio epea. Matrikulari buruz eta, oro har, aditu tituluaren gaineko informazioa jasotzeko, zuzenean jo behar  da koordinatzailearengana, Ainhoa Larrañaga doktorearengana. ( alarranaga@mondragon.edu ).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak