Zapatuko jardunaldian Floreagako Santos Muñoz izan zen onena zazpi txirlo jota. Asola Berriko Sergio Rodriguezek bigarren egin zuen sei txirlo jota eta San Andresko Iñaki Burunzak hirugarren txirlo kopuru berdina jota. Gorka Etxanizek bost txirlo jo zituen Azkoitiko jardunaldian, baina nahikoa izan ziren txapela bereganatzeko. Aipatzekoa da Bergarako San Joxepe taldeko Mikel Almorzak bosgarren egin zuela Floreagan bost txirlo jota.
Txapelketako irabazleak
Ekainaren 2an Elgetan egitekoa den Bolari Egunean jantziko du txapela Etxanizek. 40 txirlo jo ditu txapelketako bederatzi jardunaldietan eta berak du marka onena aurten. Lehia estua izan da, ordea; izan ere, San Migel taldeko Unai Loiolak 39 txirlo jo ditu txapelketan, eta hirugarren egin duen Xabier Loiolak 36.
Taldeka San Migel A nagusitu da, eta bikoteka Jabier Osoro eta Unai Loiolak bota dituzte txirlo gehien.
Bolari Eguna ekainaren 2an, Elgetan
Gipuzkoako bolariok amaitutzat ematen dugu Gipuzkoako 49. hiru txirlo bola joko txapelketa, eta zapatuan egingo dugu sari banaketa, Elgetan. Bolari Eguna, Lehendakari Saria, bazkaria eta omenaldiak eta sari banaketa egingo ditugu.
11:00etan emango diogu hasiera egunari jaurtiketa saio batekin. Ondoren jokatuko dugu Lehendakari Saria. Gipuzkoako txapelketako lehen 64 sailkatuek hartuko dute parte eta kanporaketa erara egingo da, lehenengoa azkenaren kontra eta abar txapeldun bakarra geratu arte.
Ondoren, bazkaria egingo dugu Elgetako frontoian eta jarraian bi bolari omenduko ditugu: Bihotza Azpiri eta Arlindo Almeida. Jaia amaitzeko garaikurrak banatuko ditugu eta txapela jarriko diegu txapeldunei. Ander Arritxa-ren musikarekin girotuko dugu eguna.