Nahiz eta hala ez dirudien, auzoa dela esan daiteke, oraindik auzoko jaiak ospatzen baitira. Nire aita auzo-juntako gazteenetakoa izateko moduko auzo zahartua da, eta, aldi berean, kanpotarrez betea. Aldaketa-erritmoa bizkortzen ari da. Auzo zahartu honetan begia jarri eta etxeak erosten dituen etxe-agentzia bat dabil bueltaka, gero pisu handi bat eraikitzeko asmoz. Eta auzoaren itxura nahiko aldatuta dago dagoeneko. Etxe zaharrak desagertzen ari dira, eta eguzkia lapurtzen
diguten etxebizitzak ugaritzen. Haizeak jotzeko modua ere aldatu dute. Orain, harrigarriena kontatuko dizuet. Ondoko etxeetan bizi ziren auzotar zaharrek lurrak eta etxeak saldu zituzten, eta txinatarrek hartu zuten haien lekua. Haietako batek etxe polit bat eraiki zuen, hiru solairukoa, baina aurten jada saldu egingo duela dio.
Laster haren lekuan etxebizitza-bloke handi bat eraikiko dute. Ez dakit aldameneko familia etxe horretan bost urtez ere bizi izan den. Baina jada saldu? Noiztik da hain laburra etxearen bizitza?