Baina dagoeneko asko esanda dago. Agian, hobe da beste gai bati buruz idaztea. Hala ere, oraingoan ere konplizea izatea erabaki dut.
Hizkuntza berri bat ikastea ekimen sortzailea dela esango nuke, bizimodua edo, behintzat, pentsamoldea pixka bat bada ere aldatzen baitzaigu: hau da, bakoitzak bere burua apurtu eta berreraikitzeko aukera ematen digu, edo, beste modu batean esanda, umetu eta berriz heltzekoa, bigarren bizitza bizitzea balitz bezala. Nire ustez, zaila da geure burua ezer aldatu gabe hizkuntzak ikastea lortzea, eta euskararekin askoz zailagoa. Beraz, garaiak inposatzen digun bizitza normal-ari buelta emateko parada izan daiteke. Niretzat, bederen, bai; filosofia iturri gisa hartzen dut euskara. Zentzu horretan, orain euskarak gero eta garrantzi handiagoa hartzen duela uste dut, XXI. mendean nola bizi behar dugun hausnartzeko tresna bihurtzen baita. Eta, horregatik, euskaldunek bakarrik ez, gizaki guztiok zaindu behar dugu euskara. Animo eta eskerrak euskaltzaleei!