Egun, seme-alaben gaineko kontuek dute pisu handia. Lehentasuna da. Pentsa, sarri askotan, kirol tertuliari aurre hartzen dion gaia da. Eta hori asko da.
Bada, gureak baino haur nagusiagoak dituen lagun batekin kafea hartu izan dudanean behin baino gehiagotan entzundakoaren haritik tira egingo dut oraingoan. "Nagusi batekin berba egiteko premia daukat!", esaten zidan, semearekin ordu luzez egotea egokitu eta elkartzen ginen bakoitzean. Irribarre txiki bat botatzeaz gain, egoera ez puzteko esaten nion nik. Gurasoen artean gauzak esajeratzeko joera oso zabalduta baitago gaztetxoen kontuak tartean direnean. Aspaldi ez dut laguna ikusi, baina, hurrengo elkartzen garenean, arrazoia emango diot. Haur bat etorriarekin dagoenean, ederra bezain gaitza izan daitekeelako bere jakin-mina asetzea.
Ni, behintzat, nahi eta ezin aritu naiz behin baino gehiagotan. Gazteak nagusiari: "Zergatik ez dira animaliak zebra-bidetik pasatzen?".
Handik denbora gutxira, beste zalantza hau: "Zergatik dira berde kolorekoak etxean jaten ditugun barazki gehienak?"; "Eta zergatik ez dute sokamuturrean harea botatzen"; "Aizu, zergatik ez daki Yerayk euskaraz"... Ni, mutu. Galdera batzuen erantzuna ez dakidalako eta beste batzuk ganoraz azaltzeko kapaz ez naizelako.
Hasieran, ezintasuna sentitzen nuen. Gerora, egoera behin eta berriz errepikatzen zela konturatu nintzenean, hasi nintzen ulertzen lagunak adierazi gura zidana. Ez da berriz gertatuko. Aurrerantzean ez dut bere esana zalantzan jarriko. Gainera, zigor gisa, nik ordainduko dut hurrengo kafea.
Halaber, gaztetxoek jarrai dezatela nagusiak estu hartzen. Interesa izatea da bidea.