Ez da etorri handiena izaten dudan eguneko mementoa. Gauez edota Uberako semaforo gorriaren aurrean nagoenean sormen handiagoa dudala baieztatzeko moduan nago.
Gaur euskal herritarrok horren gustuko dugun gauza bat egitea pentsatu dut: kiniela. Gertukoenetik hasita, ezin alde batera laga gure semearen egokitzapena. Asko ari zaio kostatzen etxetik eskolarako bidea egitea. Nire pronostikoa da aitaren antz apur bat badauka ez dela sekula moldatuko. Eta hogei urte inguru ditu aurretik. Animo, txiki!
Etxeko nagusia eskolan dagoen bitartean gurasoekin hartzen dut kafea sarri. Baina baita herriko alkatearekin ere. Eta, badakizue, udal hauteskundeak ate joka ditugu. Ba, epel ikusten dut gizona. Ez dakit animatuko den ala ez. Baina bere gauza onekin eta txarrekin herrigintza inork gutxik bezala islatzen duela esango nuke: kirola, gaztetxea, herri aldizkaria, Espaloia, poteoa, politika… arlo guztiak jorratu ditu. Dantzari txukuna izango balitz…. nire kristalezko bolak dio luzaroan oposizioan egon den taldearen mementoa ailegatu dela. Egin apustu.
Elgetako udal hauteskundeetan gertatzen denaz gain, Sestaoko eta Gasteizko emaitzak ere lupaz aztertuko ditut. Polemikaz zipriztindutako adierazpenak egin dituzte alkateek. Etorkinak izan dira arazoaren sustrai. Eta bi kasuetan publikoki gurutziltzatuak izan dira. Baina ze iritzi dute herritarrek? Bazkari bat jokatzeko prest nago datorren urteko maiatzeko hauteskundeetan duela lau urte lortu zituzten emaitzak onduko dituztela.
Egokitzapena, herrigintza eta gertuko politika gainetik aipatu ondoren, ez nuke zutabe hau amaitu gura mundua mugitzen duen jarduera aipatu gabe: futbola, alegia. Beste bazkari bat aurten ere Athletic Realaren aurretik sailkatu baietz. Eta Eibar bien artean. Porobon!