"Argi gorria"

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Gallastegi 2013ko urr. 18a, 02:00

Uberan nago. Semaforo aurrean. Gorri dago, betiko legez.

Gehienetan off egiten dut eta irratiaren laguntzaz argia noiz aldatu zain egoten naiz. Gaurkoa ez da ohiko eguna, ordea. Azken hilabeteetan gertatu diren zenbait notizia hasi zaizkit burutik pasatzen. Ez sinesteko modukoak dira gehienak: esate baterako, gutariko askok ezagutu dugun egoera sozioekonomiko gaitzenean Espainiako ministro bat kapaz da eskatzeko "errezatzeko" beharrik ez duten lagun guztiei; bestalde, boterean dauden politikarien zintzotasuna eta sinesgarritasuna ezbaian dago kargu publikoak zituztenean eskupekoak hartzearren… eta, hala ere, ez da ezer pasatzen; eta zer esan bi sindikatutako kideak inputatuak ikustea langabeentzat izan behar zuen dirua ustez eurenganatzearren. Akabo! 

Gugan eragin zuzena dute aipatu lagun gehienek hartzen dituzten erabakiek. Hala ere, sarri, urruneko kontuak direla iruditzen zaigu. Zenbat aldiz esan dugun: "Hori ez da Euskal Herrian gertatzen". Baina, zoritxarrez, gure artean ere ez dira horrelakoak falta. Galde diezaietela nafarrei. Ondo zaintzen zituzten han politikariak banketxe nagusiko ordezkariek. "Relaxing kafe con leche"-k ere eman du nahikoa zeresan. Ez dugu barre gutxi egin horren kontura. Lehertu arte. Baina zer pentsatuko lukete eurek euskaraz ez zekien lehendakari bat genuen sasoian? Eta neurri handi batean diru publikoaz eraiki den futbol zelaian egunero-egunero hamabi ordu inguru lan egiten duten lagunek mila eurotik behera irabazten dutela jakinda? Eta kiroldegi baten sartzeko herrikoek prezio bat dutela eta inguruko herrietakoek beste bat dutela jakinda? Eta jaietako aurrekontuaren berri zehatza eman eta lagun askok harrituta ekimena txalotu egin dutela jakindakoan? Berotzen hasi naiz… eskerrak semaforoko argia kolorez aldatu den! Ez dakit zertan ari diren egungo gizartean eredu izan beharko luketenak. Hori bai, aurrera egin behar da. Ni Elgetara noa bueltan…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak