Pobrezia desagerraraztearen garrantzia

Erabiltzailearen aurpegia Harreman, Bidezko Merkataritza Denda

Datorren zapatuan, urriaren 17a, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko dugu beste behin. Hamarkadak daramatzagu pobreziak sortzen dituen arrakalak zenbakietan adierazten. 2026koak, honakoak: 1.200 milioi pertsona bizi dira pobrezian, iaz baino 51,5 milioi gehiago, eta horietatik erdia baino gehiago haurrak.

Aspaldi dakigu non eta zerk sortzen duen miseria. Batez ere hegoalde globaleko landa eremuetan ematen da, konflikto armatuek, politika kolonial eta inperialistek, enpresa eta merkataritza estraktibista eta espekulatzaileek eta krisialdi klimatikoak bultzatuta.

Zer egin honen aurrean? Ondotxo ere badakigu. Politika. Pobreziaren kontrako legeak egin eta errespetatu. Bidezkoa izango den merkataritza global bat ezarri eta errespetatu. Lurralde guztien soberania errespetatu. Giza eskubideak errespetatu. Gerra eta militarismoarekin akabatu. Eta abar, eta abar…

Borroka honetan jende asko dabil, baina gehiago beharko genuke. Izan ere, pobrezia desagerrarazteko borroka galtzen ari gara. Azkenengo urteetan pobreziak gora egin du, eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan kontzentratzen da. Muturreko egoera honek, desberdintasun gaindiezinak sortzeaz gain, botere ekonomiko eta politikoak elite gutxiren esku uzten ditu. Eta horrek ez du pobrezia akabatuko, hedatu baizik. Izan ere, pobrezia ez da errealitate finkoa. Gaur aberatsak eta bihar pobre. Denoi gerta dakiguke. Herri zein gizabanako.

Besteak zaintzea beraz, gu zaintzea ere bada. Inoiz baino beharrezkoa zaigu herri eta giza eskubideak aldarrikatzea, mundu justuago bat eraikitzea. Harreman Dendak, pobreziaren desagerrarazteko beharra aldarrikatzeko, honako ekimenetan parte hartuko du Bidezko Merkataritzako produktuak eramanez: urriaren 17an, Arrasaten, bertako produktuen azokan; urriaren 18an, Urkulun, Mundukideren lasterketa Solidarioan; eta urriaren 31n, Aramaion, Jubilatuen Egunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak