Bidezko merkataritza inoiz baino beharrezkoagoa

Erabiltzailearen aurpegia Harreman, Bidezko Merkataritza Denda 2026ko maiatzaren 7a

Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna ospatuko dugu maiatzaren 9an.

Maiatzaren 9ean ospatuko da aurten Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna. Pertsonak erdigunean jarriz, gizakien eta herrien eskubideak errespetatu eta natura zaintzen duen merkataritza sustatzea izango da helburua.

Tamalez, bidezkoa baino, merkatu globalizatu eta basatia da nagusi gure gizartean. Diru-etekinak edozein eta edozeren gainetik jartzen duen merkatu sarraskitzailea inposatu da. Gazako Zerrendara begiratzea besterik ez dago, gobernu zein multinazional handi, marka eta enpresa askok, Israel estatu sionistarekin dauzkaten merkatal harremanak ikusteko.

Horregatik, ozen aldarrikatu nahi dugu herritarrok badaukagula zer esan horren aurrean. Agintari eta estatu zapaltzaileen erabakiek gure "poltsikoetan" eragina duten bezala, eragin dezakegu guk ere, euren finantzetan. Ez ditzagun besteen sufrimendutik aberasten direnen produktuak erosi. Boicot-a giza eskubideak zapaltzen dituzten markei, boicot-a Gazako genozidioa finantzatzen duten multinazionalei.

Bultzatu eta indartu dezagun bestearekiko errespetuan oinarritutako merkataritza: ekonomi irizpide justuekin, ondasunen banaketa zuzena, gizarteen garapen igualitarioa eta natura zaintzen duena.

Bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren inguruan sentsibilizatzeko, Harreman Denda kalera aterako dugu beste behin:

  • Maiatzaren 9an Aramaioko Lorabarrin.
  • Maiatzaren 16an Antzuolako San Isidrotan (Anelkar GKEren eskutik).

Bada merkataritza justuago bat bultzatzeko garaia! Bidezko Merkataritza, gaur inoiz baino beharrezkoagoa da!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak