Lehenengoa, kristona. Kristau erlijioarekin lotura duena, Kristo baino handiagorik ez dagoelako. Eta bestea: mundiala. Katoliko garenok datorren domekan erabiliko duguna. Zeren datorren domekan Domund Eguna ospatuko dugu; hau da: Domeka Mundiala Fedea Zabaltzeko. Misio eta misiolarien eguna, mundu mailan.
Jakingo zenuke esaten Oñatik zenbat kristau misiolari eman dituen? Oraindik zenbat daude munduko bost lurraldeetan? Tio fraide edo tia moja misiolaririk izan al duzu familian? Dena dala, dagoeneko horrelako esportazioak egiteko ez gaude, nabarmen da. Aldiz, kristau fedea gure familietan asko galdu da. Baina Mikel Aozaraza batek izan zituen ausardia eta animoa gure herrian hainbat neska-mutikok euren baitan daramatela baietz esango nuke. Adineko jendeak jardunaldi horretan txino janzten zirela oraindik gogoan du. Lurralde hartara begiratzen badugu, ezin esango dugu inbertsio txarra egin genuela. Ez al zaizu iruditzen?