Zendu ondoren, epaia datorrela jakinda, denetariko hitzak entzun ditugu bere izen mardul horren atzetik. Historiak –nahiz eta errelato inuzenterik ez dagoen– denboratxo bat lagaz gero, bereak esango dizkigu. Nik neuk, castrotarren zaharrenarentzako, iraultzaile tituluarekin gelditzen naiz. XX. mendeko asmoak eta ezinak ondo laburbiltzen dituen izena dugu iraultza. Gure eremu txikian ere, oraindik orain, bere burua iraultzaile daukatenak asko daude: horra hor, Eguberri aurretik gaudela, mesianismoren bertsio gaurkotua.
Dena dela, Fidel bizitzako urte gehienetan zerbait izan bada, erretzailea izan da. Gustuz edota Kubako industriari mesede egin nahian, bere betiko irudia tabako purua eskuan duela denen begi ninian gordeta gelditu da. Azkenean, bera ere erraustua izan da. Komandanteak ondo baitzekien hautsa garela eta hauts bihurtuko garela. Baina kontuan izan, irakurle gogokoa, hautsa ere, askotan, harrotu egiten dela.