Donostiako Elizbarrutia sortu berria zela, izendatua izan zen lehenengo artzaina, Jaume Font D’Andreu, Tolosaldeko Gaztelu herriko parrokia bisitatzera joan zen.
Pontifikaleko meza ematen ari zenean, hara eta sekulako pixagura etorri zitzaion.
Aguantatu ezinean zegoela, bertako parrokoari gerturatzeko keinua egin eta komuneko bidea eskatu zion.
Garai hartan (1950ean) herri txikietako eliza eta sakristietan ez urik ez eta komunik ere. Erretore azkar hark zer asmatu zuen? Eliztarrengana zuzendu eta esan zien: "Orain, gotzain jauna Gazteluko eliza kanpoaldetik bedeinkatzera aterako da; guk, bitartean, belaunikaturik, errosario santua errezatuko dugu".
Eta halaxe egin. Gurutze, kandelak, intsentsua, akolitoak eta abar prestatu eta eliz bira egin zuten. Obispoa kalera ailegatu bezain pronto, gonak eta azpiko gonak altxatu eta bere gogoa bete zuen. Elizara bueltatzerakoan, kristau guztiak hantxe ziren zintzo asko zeruari erreguka.
Irakaspena: krisialdi honetan, ekonomiaren eta politikaren agintari batzuk ez ote dabiltza gure buruen gainetik txiza egiten? Gainera, haien ur zikinak ur bedeinkatua balira bezala, gure esker onaren zain daude.
Nahiko da!