Gurean, urte asko ez direla, Elorrioko Valentin bakarrik ezagutzen genuen. Baina gutako gehienok Ameriketako Estatu Batuak inoiz zapaldu ez ditugun arren, amerikarrak telebistaren leihoetatik egunero gure etxeetara datozkigu, eta eremu haietan beste Valentin bat handikiro ospatzen dute: maiteminduen zaindaria omen dena.
Bizitzak ospakizuna eskatzen du. Gure barneko sentipenak nolabait azaldu beharrean aurkitzen gara. Pentsamendu hutsa bagina, egutegiko orriak pasa eta pasa eta aurrera egingo genuke heriotza heldu arte. Baina sentimenduz betetako zagia garenez, zagiari ardoa dagokion modura, guk ere, bizitza eta bizitakoak, busti gabe ezin dugu pasa. Batzuetan xanpaiaren berotasun alaian; besteetan, malko tristeen jarioan.
Maitearen mina, min gozoa eta barnekoia dugu. Maitasunaren mina arindu beharrean, gehitzeko nahian gure barnetik maitasun sentimenduak plazaratzen ditugunean, bizi pozaren iturriak galgaran botatzen du. Gero, kasuak kasu, maitasuna ederra bezain dramatikoa gertatzen da; bizitzaren izatea, alegia. Eskerrak, sentipenak egutegiaren menpean ez daudela eta horiek adierazteko edozein eguna aukera dugula. Maite duten guztiei: Zorionak!