Korea aldean piztear dagoen gerra eta Irlandako errepublikako ekonomiaren porrota.
Lehenengoa: "Estatu bihurriak" deituriko kideen artean dagoen Iparraldeko Korea iskanbilen tartean dela jakiteak, mundu mailako gerra pizteko beldurrak airean jarri ditu. Edo gutxienez, ekialde urrutiko estatuen ekonomien gainbehera ekarriko duen ezegonkortasuna eragin dezakeela aurreikusten da.
Bigarrena: Irlanda bezalako estatuaren ezintasunak, Europako Batasunaren alarma gorri guztiak piztu ditu. Banketxeetan lan egiten duen lagunik baldin baduzu, garbi esango dizu hurrengo porrotak pigs –txerriak– taldeak osatzen ditugun/dituen Portugalgo eta Espainiako estatuetan gertatuko direla.
Eta nazioarteko egoera horrelakoa izanik, nondik nora, gure Aita Santu maitea egoera berezi batzuetan, bederen, kondoiak erabil ditzakegula mundu aurrean esatera agertu da, elkarrizketa batean.
Erroma sutan zegoen bitartean, Neron enperadoreak lira jotzen zuen. Bada, mende batzuen ostean bere ordezko pontifex maximus dena mundua sutan dagoen bitartean, adarra jotzera dedikatzen da. Ez al zaizue iruditzen gure bizitzak alaitzeko egingo zuela? Horretan egon!