Neurri kontua

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak

Dena neurtzeko joera dugu. Besteak beste, gauzak ezagutu, antolatu, ulertu edota ordenatzeko balio digu neurriak.

Musikan erritmoak, noten iraupena zein silaba kopurua neurtzen ditugu. Sukaldean, osagai-kantitatea gramotan, litrotan, koilarakadatan... eta prestaketa-denbora minututan, esaterako –nahiz eta etxekoen hizkuntzan neurketa unitateek berezko itzulpen zeharo objektiboak izan: "Eindda dauenien", "biher beste"–. Neurri zehatza duten arropak erosi ohi ditugu; neurrira eginikoak, inoiz gutxi. Partidak tantoka irabazten dira. Bertsoak, puntuka.

Jakitun ez garenean ere, ezkutuko neurriek baldintza ditzakete gure erabakiak. Edertasunaren definizio unibertsalean katramilatu gabe, naturak simetria nahiz geometria erabiliz sortutako artelanek liluratzen gaituzte. Kostata, baina, azkenean, ezagutu genuen Phi lotsatia. 

Ez da beharrezkoa urrezko proportzioa zaintzea egiten dugun lan orotan, baina, oharkabean, neurriek oreka erdiestera garamatzate. Edertasunetik haratago doan bilaketa da, esparru ugaritan eragina duena: osasunean, goxotasunean, erosotasunean, harmonian, bizi-kalitatean, izaeran, koherentzian, gizarte ereduan... Adibide zehatzetara eramanez, demagun, marmitakoan gatz gehiegi, konpasaren denborarentzat nota laburregi, nire gerriarentzat praka zabalegi, behe solairu+9+teilatupea Aretxabaletarako altuegi...

----------

Lide Mar Barrutia

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak