Baina are garrantzitsuagoak dira urteko gainontzeko egunak, bortizkeriaz eta zapalkuntzaz modu sistematikoan bizi ditugunak.
Gainontzeko egunetan guztietan gertatu dira Euskal Herriko sei erailketa matxistak, Sarrigurenen, Zaragozan (Irungo bizilaguna erail zutenekoa), Basaurin, Iruñean, Arguedasen eta Angelun lurreratu direnak. Gainontzeko egunetan guztietan ere jasan izan ditugu etxegabetzeak, prostituziora behartuak izateak, bortxaketak, gure irudi sexualizatuen zabalpenak, abortuaren eskubidearen urraketak eta beste horrenbeste forma hartzen dituzten erasoak.
Egunerokotasuneko ogi bihurtu den errealitate hau zentzuzko egitura bateko funtzionamendua da; sistema kapitalistarena, zehazki. Kapitalaren metaketa helburutzat duen eredu honek beharrezkoa dauka kapitalaren jabetzaren araberako klase banaketa egitea; proletargoarena eta burgesiarena, hain zuzen ere. Lehenengoaren eskulana erabiliz elikatzen da bigarrena, bigarrenak lehena mekanismo ezberdinez zapalduz. Etekin ekonomikoak mantentzeko eta handitzeko asmoarekin, laburbilduz, behe klasearen baitan subjektu azpiratuak behar ditu, zeinak klase berekoekin talkan biziko diren, burgesiaren aurka altxatu ez daitezen. Horrela, subjektu azpiratuez mintzo garenean, pertsona arrazializatuez, LGTB kolektiboko kideez eta emakume langileez mintzo gara, besteak beste.
Emakume langileen errealitatean murgilduz gero, kapitalismoa hori zapalkuntza bermatzeko tresna anitzez baliatzen dela ikus dezakegu. Honen baitan barnebiltzen dira lan prekarizatuak, zaintza-lanen erantzukizuna eta soldata arrakala, zeinak, funtsean, emakumeen dependentzia ekonomikoa erreproduzitzen duten, lana generoaren arabera banatzen duten eta lan feminizatuak debaluatzen dituzten, beste hainbat ondorioren artean, emakumea azpiratuta mantentzeko helburuarekin.
Gainera, gutxi ez balitz, subjektu zapalduak izateak honek dakarren indarkeria matxistaren betikotzea eragiten du; hau da, indarkeriak gure debaluazioa beharrezkotzat dauka bere baitan jarraitu dezan.
Hau guztia betikotzeko figurak eta mugimenduak nabari hazi dira azken boladan, ultraeskuin alderdietatik eta ideia erreakzionarioetatik artikulatu direnak. Hauen eskutik gertatu da indarkeria matxistaren ukapena, emakumeen irudi puru eta hotzanaren zabalpena, etengabeko sexualizazioa, emakumeen aurkako diskurtsoen hedatzea eta erasotzaileen inpunitatearen gorakada.
Indarkeria matxistak, horrela, egoera honetan uzten gaitu; 2026ko lehen zortzi hilabeteetan, EAE mailan, 2.971 emakumek salatu dituzte beren bikotekide edo bikotekide ohiek egindako erasoak –iazko datuekin alderatuta, %10,6 igo da, Emakunderen datuen arabera–; aurtengo San Fermin jaietan bortxaketa bat eta hainbat sexu-eraso salatu ziren; Gasteizen, hamar egunetako epean, 15 eraso baino gehiagoren berri izan genuen irailean; Hondarribiko jaietan gutxienez hiru indarkeria matxista kasu izan ziren; eta berdin Zumaian eta Baionan. Arrasaten, Maritxu Kajoi gauean izandako bortxaketa indarkeria honen aurpegirik gordinenetakoa da.
Bizi-baldintzen prekarizazioa areagotu eta indarkeria kasuek gora egin bitartean, ezkerreko alderdien jarduna mahaigaineratzea garrantzizkoa dela uste dugu; izan ere, argi ikusi da indarkeria matxista ez dela lehentasunezko auzitzat hartu, instituzio kapitalisten barruko kudeaketara mugatu baita erantzuna, eta emakumeen babesa ez da, inondik inora, bermatua izan. Horren adibide ditugu urruntze-aginduen urraketak eta indarkeria jasaten duten emakumeak etxebizitza alternatibarik gabe uzten dituzten etxegabetzeak. Erreforma eta lege berrien bitartez aldaketa kualitatibo eta kuantitatiborik eman ez dela ohartu gara, ideia faxista eta erreakzionarioei atea irekita utzi zaien bitartean.
Gordintasun honen guztiaren aurrean, instituzioetatik haratago eta ikuspegi independente batetik jardungo duen mugimendu indartsua eraikitzea dagokigu. Errotik problematika aztertzen eta horri aurre egiteko prest dagoen masa-mugimendua hedatzea dagokigu guri, langile klaseari. Kale mailako antolakuntza eta mobilizazioa indartzea, emakume langileok bigarren mailako nahi gaituzten guztiei aurre egitea eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan lehen lerroan egongo den euste-horma eraikitzea dagokigu guri, emakume langileoi.
Duela gutxi irakurri nuen esaldi hau: "Bortizkeriaren normalizazioak inpunitatea dakar, eta inpunitateak bortizkeriaren areagotzea". Eta guk, indarkeria matxistaren kudeaketara –eta ez desagerpenera begirako aldaketetara– mugatzen den politika instituzionaletatik at antolatzea beharrezkoa dela diogu, alderdiek modu ez-zuzenean sortu duten normalizazioa apurtzeko eta matxismoa errotik borrokatzeko.
Bide horretan, Itaiatik, erasotzaileek tokirik izan ez dezaten eta beraien inpunitatearen aurka borrokatuko gara, gero eta jende gehiago matxismoaren aurka posizionaraziz, eta herrietan zein auzoetan kaleko mobilizazioa hauspotuz. Horrela, indarkeria ukatzen duten diskurtsoen desartikulazioan eta indarkeria jasandako emakumeen babesa bermatuta egon arte lanean jarraituko dugu. Bide horretan gabiltza Arrasateko Matxismoaren Aurkako Asanbladan, zeina zabalik dagoen ekarpena egin nahi duen edonorentzat.
Indarkeria matxistaren aurrean erantzun irmoak emanez eta emakume langileen kalitatezko bizi-baldintzen alde borrokatzeko, dei egiten dizuegu azaroaren 25ean Herriko Plazan mobilizatzera, 18:30ean.
Indarkeria matxistari aurre egin! Gora emakume langileon borroka!
----------
Itziar Cid Morras
Debagoieneko Itaia
Debagoiena