Bi estatuk erdibitzen gaituzte. Gure Herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea ukatzen digute, eta euskaldunok, geure identitatearen biziraupena egunez egun borrokatu beharra daukagu, biziraungo badugu. Horretan diraugu jeltzaleok 1895. urteaz geroztik, Nazio hau Estatu independiente izan dadin eta bere nortasunari eutsi diezaion lortzeko bidea eginez.
Bide horretan, euskaldun guztiok hitzordu garrantzitsua dugu Bilbon datorren larunbatean, azaroak 14. Futboleko Euskal Selekzioak Venezuelaren aurka jokatuko du 20:00etan San Mamesen; kirola, Herri-memoria eta aldarrikapena uztartuko dituen partiduan. Sinbolismo handiko partidua izango da, zalantzarik gabe: 1937an, gerra bete-betean, Jose Antonio Agirre buru zuen Eusko Jaurlaritzak Euzkadiko futbol selekzioa munduan zehar jokatzera bidali zuen, lehenik Europan barrena eta gero Hegoamerikan zehar, euskal kausa nazioartekotzeko eta Euzkadik bizi zuen egoera larria ikustarazteko. Gerra hura galdu eta jarraian, milaka euskaldunek erbestera ihes egin behar izan zuten; asko eta askok Venezuela hautatu zuten, eta hala, bi nazioen artean lotura sendoa eraiki zen.
Lotura horrek fruitu andana ekarri zituen, eta espainiar erregimenaren aurkako erresistentzian Venezuelak paper handia hartu zuen: lehen euskal erbesteratuak heldu zirenetik, Euskal Etxeek bizia eman zioten Euzkadin debekatuta zegoen horri guztiari. Gainera, 1965etik 1977ra, Venezuelako oihanetik emititu zuen EGIkide talde batek Radio Euzkadi ezkutuan, erretransmisore eskas batzuekin. Euzkadi barruko herritarrek beste inola lortu ezin zuten informazioaren eta edukiaren berri izan zezaketen horrela, irrati hura klandestinoki entzunda. Publikoki, Bizkaiko golkoko “Txalupa” izeneko ontzi batetik emititzen zela esaten zen, frankismoak begia Venezuelan jarri ez zezan.
Larunbateko partidua baina, atzera begiratzeko geldialdia ez ezik, Herri honek irabazteke duen etorkizuna aldarrikatzeko eguna ere izango da; ofizialtasuna ukatzen zaion gure Euskal Selekzioak munduko beste selekzioen maila berberean jokatu ahal izateko aldarria lau haizetara zabalduko dugu. Besteek sentitzen dutena sentitu nahi dugu kirol guztietan: gure koloreekin munduan azaldu, gure ahotsa entzunarazi, geure porrotak zein garaipenak gutasunetik ospatu, emozionatu eta kantatu.
Bada nazioarteko selekzioen auzian futbola eta politika bereizi behar dela dioenik, halakorik posible balitz bezala. Hasteko, taldeak nazioka eratzen dira, eta nork parte har dezakeen eta nork ez arrazoi politikoen arabera erabakitzen da; estatu bariko Nazio batzuei (Eskozia, Ipar Irlanda, Curaçao…) parte-hartzea baimentzen zaie eta beste batzuei debekua ezartzen digute. Behin txapelketan sartuta, nazio bakoitza bere banderarekin azaltzen da, partiduen aurretik bere ereserkia abestuz, eta lehiaketaren dinamikak berak nazio desberdinetako herritarrak bakoitza bere nazio-taldearekin lerratzera eramaten ditu.
Elementu horiek guztiak kontuan izanik, futboleko nazioarteko txapelketetan politika sartzen gabiltzanak, Euskal Selekzioaren aldarria daramagunak garela esaterik ba ote dago? Futbola, gustatu ala ez, egungo gizartean ez da kirol hutsa; gutasunak indartzen ditu. Espainia zein Frantziak primeran dakite hori: udan maisuki erabili zuten Munduko Txapelketa Euzkadin hainbeste min eragin duen sinbologia xuabe-xuabe normalizatzen joateko eta gizartea
Espainian eta Frantzian asimilatzeko. Are gehiago, Espainiarentzat selekzioaren auziak duen esanahi politikoaren erakusle da historikoki izan duen jarrera; Euskal Selekzioak nazioartean ofizialki jokatzeko aukera-zirrikituak ikusi izan direnean eta Euskadiko Futbol Federakundeak UEFAn sartzeko eskariak egin izan dituenean, Espainiak UEFAn presioa egin izan du Estatutuak aldatu eta aukera horiek debekatzeko (2001 eta 2016ko aldaketen bidez).
Debeku horiek gainditzeak herri-babesa eta ekintza politikoa ditu ezinbesteko osagai. Horrela lortu genuen EAJko Kongresuko taldetik Estatu espainiarreko Kirolaren Legean eskupilota edo sokatira moduko zenbait kirolen ofizialtasuna lortzea nazioarteko txapelketetan. Hori da bidea, eta orain beste kiroletara ere hedatzeko, guztion bultzada beharrezkoa dugu. Horregatik, 7 lurraldeetako euskaldunok gure Euskal Selekzioak nahi ditugula aldarrikatuko dugu larunbatean Bilbon. Nor izan nahi dugulako, ez inoren zati.
Gure ordez, inork ez!
----------
Lide Irurzun eta Koldo Lizarzaburu
Gipuzkoako EGI