Etxebizitza eta demagogiaren saltsa

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak

Etxebizitza arazorik larrienetako bat da Europako gizarteetan, baita Euskadin ere.

Beren kasa bizitzen jarri ezin duten gazteei eragiten die, gehiegizko errentak jasaten dituzten maizterrei, etxea galtzeko beldurrez bizi diren pertsona kalteberei eta etxea modu onean aurkitu ezin duten familiei. Testuinguru horretan, bihar, hilak 12, Kongresuko Diputazio Iraunkorrak etxebizitzari buruzko bi dekretu bozkatuko ditu. EAJk iragarri du baiezkoa emango diola lehen dekretuari eta ezezkoa bigarrenari.

Lehenengoak, hobetu daitekeen arren, kaltea izateko arriskua dutenak babesten ditu, denboraldiko alokairuen gehiegikerien eta iruzurren aurka egiten du, berezi egiten ditu funts handiak eta jabe txikiak eta maizterren bermeak indartzen ditu.

Bigarren dekretuak kontratuen luzapen mugagabeak bizkarreratzen dizkio etxejabeari eta etxebizitza berreskuratzeko hamabi hilabeteko kalte-ordainak ezartzen. Onartuz gero, ez dago zalantzarik horrek etxejabe txikiei pisuak ohiko alokairutik ateraraziko diela. Dekretu hori iragarri orduko antzeman da eragin hori. Ondorioa: etxebizitza gutxiago errentan jartzeko, familia gehiago sufritzen arazo hori medio.

Bigarren dekretu honi ezetz bozkatzeagatik, arrazoiarekin eta motiboarekin egingo duguna, EH Bildu eta LAB kanpaina lotsagarria egiten ari dira EAJren aurka, maizterren etsaia dela sinestarazi nahirik. Euskal gizarteak arazo serioa dauka Ezker abertzalearekin. Oso gustura ibiltzen da demagogiaren saltsan brotxa lodiarekin, baina ez da sekula sartzen konponbide konplexuen letra finean. Maisuak dira irteerarik gabeko kaleetan. EAJren kontrapisurik izango ez balute, EH Bilduren etxebizitza-politikek beste bide itsu batean sartuko lituzkete premia handiena dutenak.

Euskadin hamar etxebizitzatatik zortzi jabe txikiek jartzen dituzte errentan. Etxebizitzaren lege espainiarra onartu ondoren, EH Bilduk aldeko botoa eman ziolarik Kongresuan, 2023 eta 2025 artean ohiko alokairuen kontratuak Euskadin %27’92 urritu ziren, eta denboraldikoak, aldiz, %52’3 ugaritu. Alokairu gehiago behar badugu, ezin diogu ez ikusia egin eskaintza mailu kolpeka gutxitzeko arriskuari. EH Bilduk, ordea, beste aldera begiratzen du. Gai sakonak daude, serio erantzun beharko liekeenak.

Lehena: alokairuko merkatua murriztea. ¿Nola lortuko du EH Bilduk bere jarrerekin Euskadiko jabe txikiek alokairuaren merkatutik ihes ez egitea? Ez da nahikoa eskubideak pankartetan aldarrikatzea. Gauzatu egin behar dira. Eta horretarako konfiantza behar da.

Bigarrena: kalteberatasunaren ordaina jabe txikien bizkar. EH Bilduk bere jarrerekin faktura hori bidaltzen die etxejabe txikiei. Familia zaurgarri batek bere etxebizitzan jarraitu behar badu, administrazioei dagokie beste bizileku bat eskaintzea edo babes horren kostua beren gain hartzea. EH Bilduren asmoa, ardura etxejabe txiki baten poltsikora aldatzea, alegia, hitz batean esanda zera da: bidegabea.

Alokairu-eskaintza handitzea, pertsona kalteberak babestea eta etxebizitzak errentan jartzen dituztenei ziurtasuna ematea helburu bateragarriak dira. EH Bilduk iskin egiten dio konplexutasunari. Erosoagoa da pentsamendu arinaren demagogian aterpea bilatzea norberaren erabakien ondorioei aurpegi ematea baino. Karikatura gutxiago eta erantzun serio gehiago.

Eskaintza handitzeak etxebizitza publiko eta eskuragarria eraikitzea esan nahi du, etxe hutsak eskaintzeko bidea ematea, gehiegikerien aurka egitea eta emantzipatzeko politikak sendotzea. Eta etxejabe txikiei lege aldetik ziurtasuna ematea ere bai. Jokaera horiek guztiek elkar osatzen dute. Hori da euskal gizarteak merezi duen eztabaida. Baietz bozkatuko diogu lehen dekretuari eta ezetz bigarrenari, irizpide bera kontutan hartuz: maizterrak babestea, jabe txikiari ziurtasun juridikoa ematea eta alokairuko etxebizitza ugaritzea. Hori da EAJk defenditzen duena.

----------

Marijo Etxegoien Arzuaga

EAJ-PNVko GBBko burukidea eta legebiltzarkidea

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak