Gaur egun indarrean dagoen 38/2012 Dekretuaren arabera, historia klinikoa paziente batek jasotzen dituen prozesu asistentzial guztien dokumentu eta erregistro informatikoen multzoa da, non argi, labur eta modu integratuan erregistratzen diren pazientearen osasun-egoerari buruzko datuak eta informazioa, balorazioa, jasotako arreta eta eboluzio klinikoa. Historia klinikoaren jabea, legez, pazientea bera da.
Orain arte Osakidetzako 385.787 pazientek euskara lehenetsi dute arreta-hizkuntza gisa, eta, halere, haien dokumentazio klinikoa gaztelania hutsean dago. Halaber, hainbat medikuk euskaraz eskatzen ditugu proba diagnostikoak, baina gaztelania hutsean jasotzen ditugu.
Gernikako Estatutuak, 6. artikuluan, euskararen ofizialtasuna ezarri zuen: “Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza izanik, hizkuntza ofizialen maila du Euskal Herrian, gaztelaniarekin batera, eta biztanle guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea”. Ondoren, Euskararen 10/1982 Legeak, Euskadiko Autonomia Erkidegoko herritarren hizkuntza-eskubideak berretsi eta botere publikoei agindu zien beharrezko neurrien bidez eskubide horiek (norberaren hizkuntzan artatuak izateko edo norberaren hizkuntzan lan egiteko eskubideak, besteak beste) bermatzeko.
Osasun arloari dagokionez, Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 67/2003 Dekretuak argi adierazten du Osakidetzarekiko harremanetan (ahozko zein idatzizkoak) herritarrek euskara erabiltzeko eta euskaraz artatuak izateko eskubide osoa dutela, historia klinikoa barne. Eta indarrean dagoen Osakidetzako III Euskara Planak, 2.4.2. puntuan (dokumentazio klinikoari buruzkoa), hauxe dio: “Paziente bakoitzari dokumentu klinikoak euskaraz, gaztelaniaz edo ele bietan emango zaizkio, dokumentazioa zein hizkuntzatan nahi duen galdetu eta gero, batez ere euskara lehenetsita daukatenen kasuan.” Halaber, III. Euskara Planak euskaraz lan egiteko eskubidea aitortzen die Osakidetzako profesionalei, barne-harreman guztietan, baita historia klinikoan ere.
Zoritxarrez, Osakidetzan oraindik ez dira eskubide horiek bermatzen, ez historia klinikoan behintzat. Hala ikus daiteke III. Euskara Planaren tarteko ebaluazio-txostenean (2026ko apirilekoa). Txostenak dioenez, historia klinikoan apenas ez da aurrerapausorik eman euskaraz idazteko, eta horren adibide dira medikuok eskatzen ditugun proba diagnostikoen txostenak. Gaztelania hutsean jasotzen ditugu, eta gaztelania hutsean jasotzen dituzte gure pazienteek. Horrela, erakundeen oinarriak eta printzipioak, bizikidetzarako guztiz beharrezkoak direnak, ez dira errespetatzen.
Esan beharrik ez dago, legeaz harago, arretaren kalitatea eta pazientearen hizkuntza bateraezinak direla. Arretaren kalitatea eta ekitatea bermatzeko, ezinbestekoa da paziente euskaldunek osasun-arreta euskaraz jasotzea. Hizkuntza-komunikazio egokiak harreman hurbilagoak, konfiantza handiagoa eta diagnostiko hobeak ahalbidetzen ditu; frogatuta dago.
Gure helburu nagusia arretaren normalizazioa izan behar da, indarrean eta eskura dagoen ebidentzia zientifikoa eta pertsonengan zentraturiko osasun-arretaren eredu integratua oinarri hartuta. Gurea bezalako eremu elebidunean, zeinean euskara hizkuntza ofiziala den, osasun-arreta euskaraz eskaini eta eman behar da, edonon, edonoiz, asistentzia-maila guztietan, ahozko zein idatzizko komunikazioetan; bestela arreta hori ez baita kalitatezkoa izango. Ezin da gehiago itxaron historia klinikoa ele bitan idazteko (ez dago aitzakiarik, gaur egun badira-eta horretarko baliabideak), eta, prozesu horretan, lehentasunezkoa da proba diagnostikoen txostenak euskaraz ematen hastea.
Hori guztia kontuan hartuta, sinatzaileok zera eskatzen diegu Osasun saileko eta Osakidetzako agintariei:
Osasun-langileok eta gure pazienteek euskaraz jaso nahi ditugu proba diagnostikoen emaitzak. Beharrezkoa da, eta egingarria. Ez dago gehiago itxaroteko aitzakiarik.
----------
Aitor Montes
Aramaio