Pobretzearen eta errentismoaren kontra, Euskal Herrian etxebizitza eta soldata duinak denontzat!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak

Azaroaren 11rako greba orokorra deitu dugu, pobretzearen eta errentismoaren aurka, eta Euskal Herrian denok soldata duina eta etxebizitzarako sarbidea izan dezagun.

Zergatik egingo dugu greba? Ez gaudelako prest bizitzaren prekarizazioa eta pobretzea onartzeko, eta etxebizitza langileok pobretzeko arrazoi nagusietako bat delako, soldata kaskarrekin batera. Egoera iraultzeko, sakoneko aldaketak behar ditugu, eta horiek aldarrikatuko ditugu. Euskal Herrian badira baldintza objektiboak eta subjektiboak egiturazko aldaketak eragiteko.

Nori zuzenduko diogu greba? Batetik, EAJri eta UPNri exijituko diegu Madrilen zein Euskal Herrian langileen prekarizazioan sakontzen duten neurriak ezartzeari uzteko; eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatuko diegu  langileen aldeko politikak ezartzeko.

Bestalde, lan-eremuan patronalak langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen du, eta uko egiten dio hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari, eta, etxebizitzaren eremuan, higiezinen patronalak langileon bizitzen kontura aberasten jarraitzen du. Haiei ere egingo diegu greba.

Etxebizitzari dagokionez, errentismoa eta negozioa amaitzeko egiturazko neurriak exijituko ditugu: alokairu-kontratu mugagabeak; alokairuen prezioak jaitsi eta merkatuan esku hartu; etxegabetzeak amaitu; putre funtsak desjabetu eta Euskal Herritik kanporatu; espekulazioa debekatu; eta parke publikoa defendatu eta handitu. 

Horregatik guztiagatik, azaroaren 11n kalera aterako gara!

----------

Ana Sebal Agirregabiria

LAB sindikatua

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak