Futbola eta ikurrak: aupa Aloña!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak

Urriaren 10ean, larunbata, Aloñak berritasun batekin jokatu zuen Soraluzeren kontrako lehen mailako jubenilen partida. Alluitz Markuleta kapitainak, lehenbizikoz, ikur nafarra eraman zuen besokoan. Zer adierazi nahi digute gazteok?

50 urte badira Kortabarriak eta Iribarrek debekatua zegoen ikurrina Atotxan atera zutenetik. Hura zen ikusleen poza! Geure-geurea baita ikurrina, frankismoaren aurrean gure ikur nagusia. Independentista. Bai garrantzitsuak direla ikurrak komunitate bat batzeko orduan! Ohiko egin dugu ikurrinaren erabilera, bai kapitainaren besokoan baita guztien elastikoen atzealdean ere.

Adinarekin, kontu esanguratsu batekin jabetu da Kortabarria. Horrelaxe adierazi du berriki San Mamesen, Atotxakoaren 50. urteurrenaren harira, Iribarrekin batera ikurrina eta nafarra ere aterata. Zer dela eta nafarra ere? Euskadi-ren pareko beste euskal komunitate bat delako? Ez ba! Kortabarriak ikasi duena da garai batean euskaldun guztiok ginela nafar, eta konkisten eraginez izan garela zatikatuak eta menperatuak. Konkretuki, gure eskualdea 1200. urtean konkistatu zuela Gaztelak, gure borondatearen kontra Nafarroatik erauzita.

Nafarra ere gure ikurra da, Europan estatu independente errekonozitua ginen garaietakoa, gainera. Gero eta gehiago gara horren jakitun: urte batzuk badira Oñatiko Foruen enparantzan Udalak bandera nafarra ere ezarri zuela, Antzuolak eta Bergarak ere egin zuten legez. Orain, Aloñako gazteak datoz: txandakatu egingo dituzte biak ala biak.

Ekimen hori izan dadila beste batzuen aitzindari, kirolean eta kiroletik kanpo ere bai.

Ikurrek asko esaten baitute.

----------

Iñaki idigoras

Nabarraldeko oñatiarrak

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak