Aurten dira 150 eta 50. urteurrenak. Bergarako beste asko bezala, ni han egon nintzen, Ariznoa plazan. 12 urte neuzkan eta aitak eraman ninduen. Ez dut gogoratzen orduan ezer ulertu nuen, baina argi geratu zitzaidan zerbait handia ikusi nuela.
Gizon helduak ikusi nituen –baita emakume bakarren bat ere–, hegoaldeko lau lurraldeetatik etorritako alkate eta zinegotziak, gerraoste luze bat pasatutakoak, eta nahiz eta kargua hartzeko Principios Fundamentales del Movimiento haiei zin egin behar izan zieten, Bergarara etorri ziren antzinako askatasunak biltzen zituzten Foruak oroitzera.
Gaur egun Foruen oroimena gehienontzat ez da izango ia ezer, baina hori azken 50 urteetako politikaren ondorioa da. 1976an historiaren zati hori oraindik idazteke zegoen, Francok zortzi hilabete zeramatzan hilda eta inork ez zekien norantz gindoazen. Askatasunaren egarria zegoen, eta Foruek gure lurraldeetako askatasunen bilduma ziruditen, kendu zizkiguten askatasunak, eta garai haietan askatasuna amets bat zen.
Ekitaldi hura Movimiento de Alcaldes izena zuen alkate-talde batek antolatu zuen. Bergaran, aurpegia eta ahotsa orduko alkateak eman zion, Jose Luis Elkorok, eta han zeuden Eibarko Juan San Martin, Arrasateko Jose Antonio Altuna, Zarauzko Imanol Murua, Elgetako Patxi Basauri eta beste hainbeste. Guztira 99 herrietako ordezkariak etorri ziren, Bergaratik egindako gonbidapenari erantzunez.
Bukaeran irakurri zen diskurtsoa, bertsoak izan gabe, hitz neurtuz beteta egon zen. Kokatu gaitezen: Ministro de la Gobernación Rodolfo Martin Villa zen, ez zen edonor. Martxoaren 3ko Gasteizko gertakariak bost hilabete lehenago izan ziren, horiek ere ez ziren izan edozer.
Oroimen batzuk ez ditut inoiz ahaztuko:
Alkate/zinegotzi haiei udaletxean egin zitzaien harrera eta handik Ariznoako San Pedro elizara joan ziren meza entzutera, Musika Banda eta txistulariekin. Bakoitza bere herriaren izena zeraman kartel baten atzetik. Batzuk banderekin eta beste batzuk bandera gabe. Udaletxetik irten ahala sekulako eta etenik gabeko txalo zaparrada baten soinuarekin zetozen Ariznoa plazarantz jendetza baten artean pasatzen. Eta noizbehinka, txaloak erritmiko bihurtzen ziren. Eliza aurrean geundenok haietako batzuk pasatzerakoan txalo zaparrada orokor hura txalo erritmikoa bihurtzen zela konturatu ginen, eta arraroa zen. Bitxia. Gure parera heldu zirenean ulertu genuen txalo bereizitu haien zergatia. Eta ikusi genuen nortzuk ziren tente zetozenak, egiten zitzaien omenaldiagatik hunkituta eta begiak bustita zekartzaten haiek. Nafarrak ziren. Ehun urte igaro eta gero, elkarrekin geunden.
----------
Andoni Larrañaga Mendizabal
Bergara