Batzuek eginahalak egiten dituzte euskara nola itoko. Guk alderantziz: euskal zentzuak esaten digu euskarak eutsi diola gure herriari beste ezerk ez bezala. Eta euskara nahi eta behar dugula herri gisa irauteko eta euskal nazio izateko.
Etzi dira 150 urte Espainiako Gorteek Foruak indargabetu zituztela. Aurretik Frantziako Iraultzak moztu zizkigun Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako Batzarrak; Espainiak ederki ikasi zuen eta 1839ko urriaren 25ean monarkiaren batasun konstituzionala lau Lurraldeetako Foruen gainetik ezarri zuten Gorteek, 1841ean Nafarroako Lege Hitzartua onartu eta 1876ko uztailaren 21ean, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foruak eta erakundeak ezeztatu. Ez gaude ahaztuta.
Ez zeuden lo orain 50 urte Bergaran Alkateen Bilkura deitu zutenak ere. Franco hila zen, gure Herrian askatasun egarria eta dena egiteko. Horiek horrela eta gaur Bergaran Alkateren Bilkura delarik, nahita hasi naiz euskaraz egiten duten gazteak nabarmenduz. Euskadiren etorkizunarekiko itxaropena adierazten dutelako. Gazte horietan ikusten dugu ez dela eten “asaben lokarri zaharra”. Igaro ziren inperioak eta eraman zituzten hizkuntzak eta herriak; galdu ziren inperio haiek berak. Baina euskaldunak zutik gaude gure lurrean. Foruak kendu zizkiguten eta erantzuna hondamendiaren neurrikoa izan zen: abertzaletasuna ekarri zuen Sabino Aranak, Jose Antonio Agirre lehendakariak “Euskaldun askatzailea” deitzen dionak, Eusko Alderdi Jeltzalea sortu zuenean. Aldarri garbia, “Euskadi da euskotarren aberria”, euskara erdigunean eta bandera nazionala, ikurrina.
68 alkate joan ziren Bergarara 1976an. Euskal Udalen Batzar hark jakinduria eta sen oneko iparrorratza jarri zuen: “Derrigorrezkoa da euskara hizkuntza ofizialtzat aitortzea, integrazio eta garapen gisa”. Hitz gutxi eta mami asko. Gure hizkuntza eskolan eta Administrazioan sartu zen Euskadiko Erkidego osoan. Debekatua egotetik hizkuntza ofizial bilakatzea erabakigarria izan da, hil ala bizikoa. Asko dela aitortuz, jabetzen gara ez dela aski. Baina ez ginateke jauzia egin beharrean aurkituko urratsak egin ez bagenitu.
Manifestuan aipatu zituzten kanpotik etorritakoak ere, horietako askok ikasi du euskaraz, Espainiatik etorritakoen seme-alabek, eta ondorengoek. Euskaldunak gara euskarari esker. Eta orain, azkenaldian mundu zabaletik datozenak ere euskarara erakartzen asmatu behar dugu. Herri eta erro askoko pertsonak bizi gara hemen, gizarte anitza osatuz, Mendebaldeko beste herrietan bezala, baina ez elkarri bizkarra emanda bizitzeko elkarren artean zerikusirik gabe, elkarrekin herri bat egiteko baizik.
Bestetik, euskara biziberritzeko onartu zuen Legebiltzarrak Euskararen Legea. Ez euskarari sapai bat jartzeko, baizik eta gure hizkuntzak aurrera egin ahala aurrerago egiteko. Euskara abantaila bat da: errotu eta batu egiten gaitu Herri barruan, berezi eta aberastu mundu globalean, uniformizazioak desegiten utzi gabe. Beldurrik gabe esango dugu: euskararekin dena irabazteko, euskararekin denok hobeto. Herritarra horretaz konturatzen denean, ez dago herriaren epaia bezalakorik.
Gero eta gehiago entzuten dugu Agirre lehendakaria aipatzen. Garrantzitsua da Eusko Alderdi Jeltzalearen onena ezagutzea. Lehen Estatutuaren aurka ari zirenei erantzuten dabil Agirre, artean diputatu: “Forua, gure subiranotasunaren araudia” dela dio eta beretzat hartzen ditu Rafael Pikabea kazetari enpresariaren hitzak: “Herrialdeak erreferendumez agindutakoa betez eskatuko genukeen guztia Foruari dagokio, gure askatasunari, gure autodeterminazio ahalmenari”. Hortik begiratu behar diogu darabilkigun gaiari, Euskadiren eraikuntzari. Esperantza dugu gure herritarrak ez direla konformatzen herri gisa askatasunean aurrera egin gabe, bakean eta demokrazian.
Bi ezaugarri gureak azpimarratu nahi ditut, Foruekin lotutako gure Eskubide Historikoez ari garen honetan: askatasuna eta berdinzaletasuna, euskal identitatean ageri zaizkigunak. Barandiaranen arabera, euskaldunak askatasuna eta berdintasuna bilatu ditu beti bizitza antolatzeko. Leizaola lehendakari zaharrak dioenez, XII-XIII. mendeetan euskal emakumeak gizonezkoak zituen eskubide juridiko berak zituen lurren jabe izateko, testamentua egiteko eta herentzia jasotzeko, nahiz eta gogor jotzen zuten zuzenbide erromatarrak, germaniarrak eta islamikoak. Orain ia mila urte bazuen euskaldunak berdintasun kultura bat bertakoa, gaur egunerako esanguratsua.
Erdi Aroan foruz debekatua zegoen euskalduna zen inor torturatzea, lekukotasuna entzun gabe zigortzea, eta zuzenbide hori errugabetasun-presuntzioan oinarritzen zen. “Euskaldunarentzat bakarrik”, esango du akaso baten batek, gaurko begiradaz; bai, baina euskaldun guztientzat zen foru-babesa, ez handikientzat bakarrik, antzina eskuarki gertatzen zen bezala. Ez dira egungo bermeak, jakina, baina herri honek legez eta hain aspaldi giza duintasuna horrela babestu bazuen, ez gara hutsetik ari.
Berdinzaletasuna askatasun zaletasunarekin uztartua ageri zaigu. Estatuaren gainetik zegoen Herriak bere buruari emandako askatasun eta berdintasun zuzenbidea eta men egin behar zion Estatuak. Baina Estatu Absolutuekin talka jasan zuen Foruak, eta zer esanik ez XIX. mendeko monarkia liberalarekin Espainian eta Iraultzatik sortutako Estatu jakobinoarekin Frantzian. Edonola ere, iragan handi bat dugu bultzaka, etorkizunerantz. Izan dezagun kontzientzia historikoa, eta berritu behar duguna, utzi alboratu beharrekoa, eta denetik ikasi.
Ez da halabeharra egin dugun aurrerakada. EAJ-PNVk gidatuta, beste alderdi batzuekin elkarrizketan eta herriarekin batera, aukera eta erabaki politiko demokratikoen emaitza da, herrigintzaren bidean urratsez urrats joanez, ausardiaz, zentzuz eta pazientziaz. Aukerak gertatzen direnerako herria prest egoteko. Europan dago gure tokia, beste herriekin harremanean eta erne.
Gure lurrean eta Europan izandako gerra izugarriak, gure etxekoek bizituak, ahaztuta dirudite. Guk ezetz esaten diogu herrialde batek beste bat zapaltzeari, are gutxiago gerra lehertuz. Indarkeria, Estatuarena eta ETArena, beti baztertu ditu EAJ-PNVk. Bergaran ikusi zuten alkateek indarkeria irteerarik gabeko bidea dela eta ezin zitzaiola men egin. Asmatu zuten.
Hauek idazten ari naizela, albistea: Europako Auzitegiak amnistia legea onetsi duela. Generalitateko presidentea 9 urte atzerriratuta, eta procés-a gidatu zutenak kartzelara. Espainiako Gorenaren lawfare-a, oldarraldi judizial gorena, eraso politiko-polizialarekin batera. Estatu gabeko nazio garenon duintasuna zapaltzeko XXI. mendeko estrategia. Aspaldi-aspaldiko tradizioa.
Orain mende erdi itxaropena zegoen. Baina itxaropen zaildua, frankismo luzean probatua. Argi hori piztuta eduki nahi dugu. Badakigu Madrilek nola jokatzen duen, baina Estatutuak eta ahaleginak ez dira hutsalak: mugarriak jartzen joatea garrantzitsua da herriarentzat. Gure herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela barneratzeko balio du. Ez da iraungi euskal herritarrei hitza eman behar zaiela eta gehiengoaren agindu askea errespetatu beharra dagoela. Mugarri hori ez dugu mugitu eta bide horretan egin nahi dugu aurrera, estatus politiko berri bat lortzeko.
Euskal demokraziaren iturriko ura da hori, Europan eta munduan garatutako demokraziatik jaso dugunarekin osatua. Gure historia bizia da. Inspiratzen jarraitzen du, harrotasuna ematen digu. Gure herriak sortutako demokrazia-antolaketa, ez erregeek ez inongo konstituziok emana. Gure eredu politikoa begiratu zuten Ameriketako Estatu Batuen sorreran, munduko lehen Konstituzio modernoa egiteko. Euskaldun guztiok jakin behar genituzke historia hau eta beste asko. Geroan zutik jarraitzeko.
Hitz neurtuz bukatu nahi dut, hau dena eta Eusko Alderdi Jeltzalearen bidea ezin hobeto azaltzen duten Pello Esnalen bertsoekin, aurrera egiteko arnasa:
“Bide luzeak gaitu / egin bidelagun, / Euskadik abertzale, / euskarak euskaldun. / Gure gazte-indarrak / bat egin ditzagun, / gizarte bat hobea / eraiki dezagun.
Giza eskubideak / ditugu oinarri, / egunero aztergai, / goizero aldarri. / Lehena sustrai eta / geroa egarri, / ez diogu bizkarrik / emango elkarri.
Herri-eskubideak / ditugu gidari / geure burujabetza / lorpen xuxurlari, / miresmena diogu / askatasunari / arbasoek amestu / zuten geroari.
Bide luzeak gaitu / honaino ekarri … / Urratsez urrats goaz, / mugarriz mugarri, / lehena sustrai eta / geroa egarri… / Ez diogu bizkarrik / emango elkarri.”
----------
Euge Arrizabalaga Olaizola
EAJ-PNVren GBBko presidentea