Gizarte honetan zerbait gaizki dago segurtasun-aparatuek arma gero eta hilgarriagoak aldarrikatzen dituzten bitartean: suzko armak, pistola elektrikoak... Jakin behar dugu Santurtziko udaltzainek holako armak dituztela eta gogoratu behar dugu ekainaren 24an Santurtziko gazte bat hil (?) zela udaltzainek taser-pistolen bidez menderatu ondoren.
Nik uste dut armak hilgarriagoak izango diren bitartean herritarrok hiltzeko aukera gehiago edukiko ditugula. Zoritxarrez, ez da inporta zer eta nola izango diren poliziaren jokabideak, ez dute zigorrik jasotzen, polizia-kidego horietan ez dago arazketarik, ezta hildakoak egoten direnean ere. Nire iritziz, beti, euren jokaera legearen goian dago; horren ondorioz, herritarron segurtasuna eta eskubideak gero eta txikiagoak dira.
Maistra bati bizkarretik eta indar osoz bultza egitea ez al da errespetua galtzea? Loiun gertatu zena zer da? Aldi berean, uste dut aurrekari penalek edo afiliazio politikoak ez dutela poliziaren jipoirik justifikatu behar.
Zoritxarrez, holako gertaerak edo adibideak soberan dauzkagu, urtero urriaren 12an gertatzen dena, Iñigo Cabacas, Rosa Zarra, Eneko Valdes... Zenbat herritarrek galdu (?) dute begi bat, utzarazpenetan, ACAB edo 1312 dioen pintaketa bat egiteagatik...
Zintzotasun osoz galdetzen dut: Gobernuko presidenteari "putaseme" esaten badiote eta ez bada ezer gertatzen, zergatik polizia bati "txakurra" edo "zipaio" esateagatik gure bizitza arriskuan dago?
Horregatik guztiagatik, arduradunek seriotasunez neurriak hartu beharko lituzkete, polizia horiek identifikatu ahal izateko; irudiak badaude, publikoak izan beharko lukete, euren jarduerak hobeto aztertzeko eta txandako segurtasun-ordezkariaren justifikazioek baino pisu handiagoa izan dezaten.
Bestalde, sailburu jauna, zertan geratu dira azken barne-ikerketak?
----------
Piter Encinas
Arrasate