Zein da mundu globalizatu honetan gure izaera biziberritzeko bidea? Euskaldutasun oso eta kontzientea garatzea dugu pedagogia-helburutzat. Eta, bat-batean, polemika artifizial batek lerroburu guztiak hartu ditu; antzua eta azalekoa den eztabaidak benetako arazoa estali du.
Ikasle eta irakasleok harriduraz ikusi ditugu USaPen Euskara eta Literatura jakintzagaian ateratako emaitzen harira antolatutako protestak. Gaiak hartutako dimentsioa eta norabidea ikusita, ordea, harridura kezka bihurtu da. Eta epaileen behin-behineko erabakiek kezka haserre bilakatu dute.
Afera horrek, dena den, agerian laga ditu EAEko hezkuntza-sistemaren gabeziak. Norbaitek zalantzarik baldin bazuen, polemikak begi-bistan utzi du A ereduak ez duela euskalduntzen. Euskalduntzea ikasgai batera mugatuta, nekez sortuko da euskaldun osorik, izan ere, argi dugu ikastetxean zein ikastetxetik kanpo ekosistema oso bat elikatu beharra dagoela helburu hori lortu nahi badugu.
Bestalde, epaileen erabakiek egiaztatzen digute zenbait eragilek euskararen aurkako oldarraldi betean dihardutela, jakinekoa baita horrelako neurririk ez luketela hartuko ikasgaia, demagun, Kimika balitz. Edo bideoetan ageri zirenak gaztelania traketsean ari ziren euskaldunak balira. Azkenaldian ohikoak bilakatzen ari dira gure hizkuntzaren kaltetan ematen ari diren epaiak, kontsentsu zaharrak arrakalatzen dabiltzanak.
Eta horren aurrean zer? Hezkuntza-sistema propioa aldarrikatzen dugu Aranzadi Ikastolako komunitateko kideok: euskalduna eta nazionala. Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko mobilizatu gara, ikasleok USaParen kontra modu zilegian protesta egin dugu, eta orain, gertatutakoa euskararen kontrako eraso bat gehiago izan dela salatzen dugu. Oldarraldi judizialaren beste adibide bat.
Beste garai batzuetan ere, erasoen aurrean indartu egin gara euskaldunok. Honakoan ere aranzaditarrok bertan izango gara, euskara motelalditik aterako duen Pizkunde berriaren sua haizatzen.
----------
Markel Eguren (Aranzadi Ikastolako ikaslea), Eneka Mondragon (Aranzadi Ikastolako ikaslea), Joana Gomez de Balujera (Aranzadi Ikastolako irakaslea) eta Maddi Iñarra (Aranzadi Ikastolako irakaslea)
Bergara