Santimami

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko ekainaren 29a

Mendietaren Valentziaren aurkako partidan izan nintzen San Mamesen estreinakoz, aitxa eta Haritzeaz.

Gogoan dut lehenengo zati ia osoa kornerren gainean zeuden bideo-markagailuei begira pasa nuela, tarteka agertzen ziren iragarkiei so. Baloia azkar zihoan alde batetik bestera, azkarregi 9 urte eskaseko niarentzat. "Baloiai beitixok", ziostan aitxak.

Gerora, urteroko zita bihurtu zitzaigun Gabonetako euskal selekzioaren partida San Mamesen. Ikusi nahi ditugu behin eta betiko gure hamaika mutil mundu guztixen kontra, kantatzen genuen mutikotan, lagun artean. Goia jo genuen, kolektiboki, Kataluniaren aurkako partidan; eta behea Anoeta zaharra erdi hutsik ikusita, polizia autonomikoaren miaketa eta karga artean. 

Urteek aurrera egin ahala, Gabonetako zita indarra galduz joan zen, desagertzeraino. Akaso, folklorismoak jan zuen aldarrikapen grina. Beharbada, nazkatuko ginen urtean behin batu eta elkarrekin kantatzeaz, urte osoan ikusten genuen koherentzia faltak eraginda. Ala, agian, sinpleki, modaz pasa zen eta kito. Batek daki. Argi dagoena zera da: gaur goian dagoena bihar behean egon daitekeela. Atrezzoz, eszenatokiz eta babeslez aldatzeak lanaren zein narratibaren ildoan jarraipenik ez badauka heriotza ziurtatua du. 

Wagnerren Der Ring des Nibelungen opera tetralogian ez dira mugimendu –edo abesti– ez eta ekinaldi berberak lau aldiz errepikatzen, abeslari, aktore, janzkera, garaia eta abar aldatuta. Ez. Tramak aurrera egiten du etengabe, leitmotiv bati helduta, hasi eta buka. Guztia doa norabide eta noranzko berean, eta aldaketa konstantean. Agian, horrek eragiten du obra bat eternala izatea: koherentziak. Eta koherentzia ez da saldutako sarreretan neurtzen, ez audientzian, ez aurkezleek botatako hitz politetan, ez eta biharamunetan idatzitako kritika atseginetan. Eta, are gutxiago, zenbait politikarik egindako stakeholder balorazioetan.

Distopiek, historiak, ikurrek… kontzientziak eraikitzeko balio behar dute, utopia grina elikatzeko, eta ez garenaren karikaturizazioa berresteko. Eta horretarako, koherentzia ezinbestekoa da. Bestelako guztia telebistako pantailan ikus daiteke, urtean behin, larunbat gauez.

Postdata: eredu publiko-pribatuari buruz, masa kultura eta mainstreamari buruz eta euskal kultura delakoari buruz beste baten hitz egingo dugu.

----------

Eñaut Zubizarreta 'AKA Trigger'

Aretxabaleta

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak