Alaia zu omen du izena abestiak. Zeu bai alaia... Horrenbeste kalejiraren artean, abesti hau ere ikasi zenuen jotzen ahoko soinuarekin!
Beti inguruko guztiei laguntzen aritu den gizon aparta izan zaren arren, orain gutxi arte ez zenituen sentimenduak adierazten. Pentsa, barkamena eskatzeko orduan "barkatu" esan beharrean "barkatzen dotzut" esaten zenuen! Azken hilabeteetan, aldiz, zenbatezin bihurtu dira zure ahotik ateratako "asko estimatzen zaitxut" hitzak. Ohitura faltak eragindako lotsaz beteta, "nik be bai zu" ahapeka erantzuten nizun. Ez dakizu zenbateraino naizen damu lotsari aurre egin eta zure tonu berberean erantzun ez izanaz. Horregatik, jada berandu bada ere, garbi utzi nahi dizut: nik be asko maitxe zaitxut, aitxitxa! Asko mirestu izan zaitxuztet beti amama eta zu, ez bakarrik ni zaindu eta hezi nauzuelako, bizitza guztian ezagutu ditxudan pertsona onenak izan zatelako baizik.
Egia esan, guztia amaitu dela eta gainerakoa fantasia hutsa dela jakin arren, bihotzaren indar guztiarekin saiatzen naiz neure buruari sinestarazten hitz hauek zugana helduko direla, eta, zauden lekuan zaudela, zure ahoko soinuaren doinu alaien, zure dantzen eta zure abestien artean, amamarekin batera nire zain egongo zarela. Benetan sinetsi nahi dut etorkizunean bioi esan ahalko dizkizuedala nire barruan zuentzat gordetako hitz goxo guztiak eta berriro ere elkar besarkatuko dugula. Bitartean, eman muxu eta besarkada goxo-goxo bat amamari, nire partez, eta jaso zuk beste bat. Ordura arte, nire ametsetan izango dugu hitzordua hirurok, gauero-gauero.
----------
Ainhoa Pardina
Bergara