Euskadi ez da dena, ez eta zena ere

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko ekainaren 15a

EAJ inguruko batzuek ezinegona adierazi dute Euskadi terminoaren eta Ikurrinaren ustezko gainbehera dela eta. 

Ez, baina, espainiarrekin edo frantsesekin alderatuta! Nafarroakoaren aurrean protagonismoa galtzen dabilela sumatu dute, antza. Min ematen dit protekzionismo etxekalte horrek.

EAJren baitan sortuak dira Euzkadi eta Ikurrina. Altxamendu faxistan eta frankismoan berebiziko indarra eta esanahia izan zuten. Zaindu beharreko ondarea, duda barik. "Gora Euskadi askatuta!" diote tarteka, egun ere. Gora! 

Baina kontua da Euskadik eta Ikurrinak, gero eta gehiago, EAE soilik ordezkatzen dutela. Atzean geratu da lehen aipatu garaietako zentzua. Beharbada, paradoxikoki, EAEn ofizialak direlako.

Bestalde, atentzioa ematen dit kide horiek historia noiztik kontsideratzen duten. Badirudi ez dagoela historiarik alderdia jaio aurretik; Historia jeltzaleek egin dutela, alegia. Asko egin dute euskal abertzaletasunean, zalantzarik ez; baina ez dira historian bakarrak. Aurretik bazen eta orain ere bada (?) nazionalistarik.

Ikurretara bueltatuz, Nafarroako armarriak XIII. mendean dauka bere jatorria, oker ez banago. Erresuma edo estatu independente baten ikurra zen. Hori adierazten du muturra okerrarazten dien Nafarroako bandera ez-ofizial horrek. Ikurrina, berriz, independentista da: gogo baten adierazpena, baina ez izanarena. Ez daude norgehiagokan, bata bestearen ondorio da.

Egun, biak batera azaltzen direnean, Herri bera adierazten dute: independente izana batak eta berriz ere izateko gogoa daukana besteak. Historia bidegabe bat kontatzen dute: estaturik gabeko nazio baino gehiago, militarki estatu gabetutako nazio garela. Baina hau nire ikuskera da, eta bakoitzak lantzen du berea. Abertzaletasunaren osasunerako, alderdikeriak albo batera utzita, hobeto.

----------

Iñaki Idigoras Igartua

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak